Kopako kanporaketa gainditzeak zenbaki borobila dakar
Realak zazpi garaipen jarraian daramatza, ligako eta kopako neurketak aintzat hartuta. Bereziki ligan azken derbiak irabazita egonkortu da taldea sailkapen nagusiko hirugarren postuan. Agerikoa da Munduko Txapelketaren etenak mesede egin diela txuri-urdinei. Ligako lanak ondo baino hobeto beteta, kopako kanporaketa jokatuko dute Mallorcaren aurka, gaur, Anoetan (19:00). Irabaziz gero, zortzigarren garaipena jarraian eskuratuko luke.
Final-zortzirenetako neurketa izango da, eta irabazten duena final-laurdenetako zozketan izango da. Ligako sailkapenari erreparatuta, Mallorca taldea apalagoa dela pentsa daiteke, jaitsiera postuetatik zazpi puntura daudelako. Gainera, azken jardunaldian Osasunaren etxean galdu zuten. Horrela ere, Realak bere joko maila onena egin beharko du arerioa gainditzeko. Anoetan bi taldeek jokaturiko ligako partida estua izan zen, eta txuri-urdinek Merinoren gol bakar bati esker irabazi zuten. Beraz, Mallorca ez da gutxietsi beharreko talde bat.