Astiñene baserria babesteko beste saiakera bat egingo du udalak
Astiñene baserriak ematen dio izena ireki zuten zubi berriari, eta eraisten ari diren zubi zaharrari. Egoera kaskarrean dago, erortzeko arriskuan. Donostiako Udalak urteak daramatza jabeekin tirabiran. “Jabetza pribatukoa da, babestua dago eta Hirigintza Sailak hainbat mantentze agindu exijitu dizkie jabeei. Horietako batzuk ez dituzte bete”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Udalak jabeekin berriz ere hitz egiteko asmoa du, argitzeko zein den baserriarekiko duten asmoa. “Izan ere, erortzeko arriskua izan dezake. Azken muturrean, udalari egokituko litzaioke modu subsidiarioan konponketa horiek egitea. Gero jabetzari eskatuz, eskatu beharrekoa”, gaineratu du Goiak.
Zubi berria
Astiñeneko zubi berria ireki zuten arren, oraindik espaloia jarri gabe eta inguruko urbanizazioa egin gabe dago. Horren inguruan galdetuta, Goiak esan du lan horiek egiteko epe zehatzak ez dituela ezagutzen. Obra eta Proiektuetako Sailak argitu behar duela gaineratu du.