"Orain La Perlako igerilekua dagoen lekuan dantzalekua zegoen lehen"
Donostiako inauterietako Bataplan konpartsa arrakastatsuaren sortzailea izan zen Maite Sabadell. Gaur egun enpresaria da, eta hainbat negozio ditu, Bataplan diskoteka, besteak beste. Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du aurten.
Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko duzu aurten. Nola hartu zenuen albistea?
Udaletxetik deitu zidaten albistea emateko, eta zur eta lur geratu nintzen, benetan. Oso zorionekoa sentitu nintzen noski, eta oso pozik nago. Ez nuen espero; banekien nire izena proposatu zutela, baina ez nuen pentsatzen domina emango zidatenik.
Inauterietako Bataplan konpartsa sortzeagatik emango dizute Domina. Nola sortu zenuten konpartsa hori?
Bataplaneko jendearekin hasi ginen antolatzen. Gero, ahoz aho zabaldu zen gure konpartsarena, eta lagunak, lehengusuak eta beste asko batu ziren guregana. Ohartu ginenerako, 100, 200, 300 eta 400 lagun izatera iritsi ginen. Azken urtean, lau karroza atera genituen, eta 480 lagunek hartu genuen parte: 50 jantzitik gora, musika eta koreografia desberdinak… sekulakoa izan zen. Denarekin bezala, gutxirekin hasten zara, jantzi sinpleagoekin, eta gero, lan gehiago egiteko beharra sentitzen duzu. Orduan ez zegoen internetik, eta ahal zen moduan prestatu behar zen guztia: argazkiekin, filmekin eta kalean ikusten genuenarekin moldatu behar genuen.
Zein urtetan hasi zineten?
1981ean hasi ginen. 1979an, mozorro festa bat antolatu zuen garaiko Donostia Turismoak. Kalera 1980an atera ziren lehenengoz inauteriak ospatzera Donostian. Guk ez genuen parte hartu, eta kalean jendea mozorrotuta ikusi genuenean, pentsatu genuen hurrengo urtean zerbait antolatu behar genuela. Jendeak lehenengo inauteri horiek ikusita, sekulako gogoa zuen ondo pasatzeko.
Zertan inspiratzen zineten, eta nola prestatzen zenuten guztia?
Niri beti gustatu izan zaizkit ikuskizuna eta handitasuna. Konpartsa bakoitzak bere gaian oinarritutako estiloa eramaten du, eta guri beti gustatu izan zaigu Bataplan konpartsa bisualki garrantzitsua izatea: batez ere, karrozak eta jantziak. Ahal genuen guztia hartzen genuen inspirazio iturritzat. Film edo argazkiren batean zerbait ikusten bagenuen, ideia hori konpartsarako gordetzen genuen. Edo kalean ikusitako txano batek ere, adibidez, inspiratu gintzakeen. Silikonazko pistolak deskubritzea sekulakoa izan zen guretzat, izan ere, jantziak hobeto prestatzen laguntzen zigun.
Horrez gain, Tenerifeko inauterietako jendearekin harremanetan jarri nintzen, bertako turismo bulegoaren bidez. Azaldu nien hemen konpartsa bat egiten hasiak ginela, eta beraien inauterietako jantziak egiteko lantegiak ikustea gustatuko litzaidakeela. Guk 10-12 emakumez osatutako talde leial bat genuen, inork ez zuen ezer kobratzen, eta bakoitzaren jakinduria partekatzen lortzen genuen dena egitea. Oinetakoen begiztetatik hasi, eta gainerako guztia egiten genuen, konpartsako denak berdin-berdin jantzita joateko. Lehen, Bataplan La Perlarekin batera zegoen, orain talasoterapia dagoen lekuan, eta sekulako lantegia muntatzen genuen inauterietarako.
Zein izan dira egin dituzuen mozorrorik hoberenak zure ustez?
Denak izan dira oso politak, bakoitza bere garaian. Baina herrialdeen gaia aukeratu genuenean izugarria izan zen: samuraiak, tailandiarrak, mexikarrak, alaskarrak… hain desberdinak ziren euren artean! Hori zen politena nire ustez, izan ere, ez zuten zerikusirik batzuek besteekin. Karroza bakoitzak gai desberdin bat zuen, eta karroza horrekin zihoan konpartsa gai horretan inspiratuta zegoen.
Zenbat denborarekin hasten zineten dena prestatzen?
Inauteri batzuk amaitzen zirenean, hurrengoak irudikatzen hasten nintzen. Kalean zaudenean ikusten duzu dena argi eta garbi: zerk funtzionatzen duen hoberen, zer gustatzen zaion gehien jendeari… eta aldez aurretiko ideia bat egiten hasten zara. Gero, gaia alde batera uzten genuen, eta Zinemaldia pasatakoan berriro ere buru-belarri jartzen ginen inauteriekin. Lau hilabetez, gelditu gabe aritzen ginen lanean.
Azken aldiz 1991n atera zen Bataplan konpartsa. Zergatik ez zenuten jarraitu?
Urte hartan La Perlako eraikin osoa bota zutelako. 1991ko martxoaren 1ean bota zuten, eta bi urtez ez zitzaion erabilpenik eman, eraitsita zegoelako. Gero, 25. urteurrenean berriro atera zen Bataplan konpartsa azken aldiz, baina formatu txikiagoan. Bi karroza eta 200 pertsona inguruk hartu genuen parte azken aldi hartan.
Bataplan beti izan da gaur egun ezagutzen dugun modukoa?
Bataplan bi zatitan banatuta zegoen: bat txikiagoa zen, eta gero festetarako aretoa zegoen, diskoteka, gaur egun talasoterapia dena. Orain igerilekua dagoen lekuan dantzalekua zegoen lehen, eta bertan entseatzen genituen inauterietako koreografiak. Diskotekak ondo funtzionatzeko, taldeak eramaten genituen, eta gero areto txikia bihurtu zen diskoteka, gaur egun Bataplan dena, alegia.
La Perla zure gurasoena zen lehen. Zein urtetan hartu zuten?
1964an. Ordutik guztiz aldatu da, izan ere, jendearen lehengo eta oraingo gustuek ez dute zerikusirik. Garai hartan, Donostian turismoa egiten hasi zen jendea, eta jendeari atrakzio batzuk eman behar zitzaizkion: orkestrak, dantza taldeak… La Perlan kontzertua eman izan dute, esaterako, Rafaelek, Duo Dinamicok, Julio Iglesiasek, Lola Floresek eta Rocio Juradok. Horiek ziren garaiko atrakzio handienak, jende gehien erakartzen zutenak. Diskotekak, gaur egun ezagutzen direnak bezalakoak, ez ziren existitzen garai hartan. Baina gustuak aldatzen joan ziren, eta nire gurasoei esan genien Bataplan areto txikian eguneratuago zegoen zerbait muntatu nahi genuela.
Donostiako lehenengo diskoteka izan zen Bataplan?
Festetarako areto gisa bai, baina ordurako diskoteka gisa funtzionatzen zuten KU izeneko aretoak eta Tiffany’s-ek. Baina guk ere ikusi genuen jendeak dagoeneko ez zuela orkestra batekin dantza egin nahi, izan ere, gero eta gehiago entzuten zen Ibizan, adibidez, beste giro bat zegoela. Bertara joan ginen diskoak erostera, hemen ez baitzeuden. Garai hartan, oso jende gaztearentzat arratsaldeko saio bat egiten genuen Bataplanen, eta gauean jende gaztearentzat zabaltzen genuen, baina ez hain gazteentzat. Diskoak jartzen zituen pertsona bat hasi zen lanean orduan, izan ere, hori zen jendeak entzun nahi zuena.
Nola lortu du Bataplanek gaur egunera arte Donostiako gaueko aisialdi eskaintzako aukera garrantzitsu bat izaten jarraitzea?
Egunero eraberrituz. Zorionez, nire semeek guk adina kemen dute, oso prestatuta daude, eta Dj handiekiko apustua egin zuten. David Guetta egon zen hemen, eta Bob Sinclar ere bai, esaterako. Horiek, normalean, ez dira horrelako toki txikietara joaten. Uste dut arrakasta eguneratuta egotean datzala, eta une bakoitzean jendeari nahi duena eman behar zaiola aurrera egin ahal izateko. Jendea ondo pasatzera ateratzen da, eta hori ez da aldatu belaunaldi batetik bestera.
Batzuek nahiago izaten dute tabernetan parranda egin. Donostiako tabernak zuen konpetentzia direla iruditzen zaizue?
Lehen, diskotekara 03:00etatik aurrera etortzen zen jendea, tabernetan aspertzen zenean. Pandemiak aldatu egin du hori, hain zuzen ere, orain jendea lehenago joaten delako diskoteketara. Gaur egun, askori ez zaie axola lokal batean denbora asko igarotzea. Pandemian zehar, gazteak kalean egon dira, eta agian, horregatik erabakitzen dute orain lehenago joatea diskotekara.
Noski, hori ongi kudeatu behar da, eta Bataplanen egun guztiak ez dira berdinak. Hemen sartzen denak zerbait desberdina aurkituko du egun bakoitzean: gai edo musika desberdina jartzen saiatzen gara.
Nola ospatzen duzue San Sebastian eguna?
Lanean, eta gero, danborradei jarraika. Nire semeak txikiak zirenean, umeen atzetik joaten ginen, eta, orain, helduen atzetik joaten gara. Asko ospatzen dugu, guretzat oso festa garrantzitsua baita. Sekulako gogoa dugu aurtengo San Sebastian egunerako, izan ere, Donostian pandemia baino lehen ospatu genuen azkenengo gauza izan zen, eta berriro ere egun hori bizitzeko irrikaz gaude.