69 lagunek pasatu dute gaua La Sirena aterpetxean
Ondarretako La Sirena aterpetxea ireki dute bart, eta Donostiako Udaleko iturriek azaldu dutenez, 69 lagunek pasatu dute gaua han. Gaueko ate irekien zerbitzua eskaintzen du udalak aterpetxe horretan, eta udalak gogorarazi du “hotz handiko gauetan” irekitzen dutela; ordea, ez du zehaztu zer tenperaturatik behera irekitzen duten gunea.
La Sirenak 100 pertsonarentzako edukiera dauka, eta, hain zuzen ere, Hiritarron Harrera Sareak eta Kaleko Afari Solidarioak taldeek berriki eskatu dute aterpetxea neguko egun guztietan irekitzeko. Izan ere, gogorarazi dute hirian 200dik gora lagun daudela kale egoeran, Eustatek iaz egindako ikerketa baten arabera. Hain zuzen ere, iaz aldarrikapen bera egin zuten negu guztian, eta hainbat gau pasatu zituzten kalean lotan, protesta modura. Orain, aterpetxea egunero ireki dezatela eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute Change.org atarian.