Auzoko erraldoiak ere jaietan murgiltzeko prest daude
Sebas eta Lore izena jarri diete Antiguako erraldoi berriei. San Sebastian egunean aurkeztuko dituzte, 10:00ak inguruan.
Danbor eta upel hotsen artean auzoko San Sebastian jaiek goia jo ohi dute. Gainera, Loretope konpartsak gaur aurkeztuko ditu bi erraldoiak. Beriaingo tailer batean egin dituzte, eta herenegun ekarri zituzten. Auzoaren babesari esker lortu dute aurrera egitea. Izena ere badute jada: Sebas eta Lore.
Urduri egon dira azken unera arte. Danborradarekin lotura duten pertsonaiak direnez, San Sebastian egunean aurkeztu nahi zituzten, eta ez da erraza izan garaiz iristea. Beriaingo Eskuartean Imagineria Festiva enpresakoak lan eta lan aritu dira. Christian Azconak eta Imanol Urabayenek sortu dituzte auzoko bi erraldoiak, eta Fermin Teruel aritu da jostun lanetan.
Atzo joan ziren Loretope konpartsakoak haien bila Beriainera, nahiz eta eguraldia haien kontra izan, errepideak elurtuta zeudelako. Zailtasunak zailtasun, erraldoiak auzora iritsi dira, eta ostiralean izango da haien egun handia.
Auzoko Gazte Danborradako pertsonaiak izatea erabaki zuten danborradarik zaharrenetakoa delako: «Auzoko gehienak denborrada horren parte izan gara, eta erreferentea da Antiguan. Gainera, pandemian 125 urte bete zituen danborradak. Danborradaren uniformea daramate urketariak eta sukaldariak».
Goizeko hamarrak aldera joango dira Matia kalera, harrera egitera Larramendi eta Jakintzako haurrei, eta gero denak batera kalejiran joango dira auzoan zehar. Jaien egitarauaren barruan igandean aterako dira 11:00etan, eguraldia lagun baldin badute. Eta hilaren 28an ere bai, ordu berean.