Beti pozez, beti alai eta beti aldatuz
San Sebastian eguna zer da, militarrei burla edo militarrei gorazarre? Donostiarrok jaia serioegi hartzen dugula entzuten dugu sarri inguruko herrietan: kaskarinak omen joxemaritarrak. Baina ez da beti horrela izan, mendeetan zehar asmatu eta berrasmatu ditugulako jaiak gurean. San Sebastian egunarekin zer esanik ez, 425 urte darama etengabeko aldaketan, festaren aldeko borrokan. Ez dio alferrik kantak: «Festarik bear bada / bego Donostiya / betikoa du fama / ondo mereziya / bestetan ez bezela / emen gazteriya / amaren sabeletik / dator ikasiya».
Pozetan igeri. Halaxe hartuko dute gaurko eguna ehunka donostiarrek, azken bi urteetako izurriteagatik debekaturik izan den Donostiako egun handia. Entseguak nonahi entzuteari utzi, eta abiatuko dira auzoz auzo neska-mutilek, gizon eta andreek, osatutako 137 konpainiak, inoizko San Sebastian egunik jendetsuenean. Aldaketaz aldaketa heldu da 2022 urteraino urtarrilaren 20ko ospakizuna, tradizioa etengabe berrituz. Bilakaera horren errepasoa egin nahi izan dugu hemen.
San Sebastian egunak 425 urte
Denok dakigu, baina inork ez oso ondo, nola sortu zen donostiarron jai handia, Danborrada eta San Sebastian eguna. Historialariak bat datoz XIX. mendean izan zuela hasiera lehen danborradak, 1836aren bueltan, gerora, 1880 inguruan formalizatuko bazen ere.
Patroiaren egunaren hasiera hobeto dago jasota. 1597. urtean izurrite latz batek gogor jo zuen Pasai San Pedro –orduan Donostiaren parte zena—. Dirudienez, 776 biztanletik 364 hil ziren: biztanleriaren %47. Hiriko gainontzeko auzoetan, beste 600 bat lagun hil omen ziren. San Bizente elizako agindu-liburuan jasota geratu zen, urtarrilaren 20aren bezperan barau egin eta hurrengo egunean Santa Maria elizatik San Sebastian monasteriora (Antigua) prozesioa egingo zutela, santuaren ikurra eurekin eramanez. Datak, ondo dakigun bezala, arazo asko ekarri zizkien eliztarrei, elurra zela eta euria zela, beste data bat ezartzeko eskatzeraino. Euri asko egin du, bai, duela 425 urte lehen San Sebastian egun hartatik.
Sorreran, inauteriak eta ‘antimililtarismoa’
Danbor bat edo beste izango zen prozesio hartan, baina ezagun dugun jaiak ez zuen askorik ikusteko prozesio harekin ez eta, zer esanik ez, barauarekin.
1836ean kokatzen da lehen protodanborrada. Itxuraz, militarrei iseka egiteko, upelak jotzeko ohitura zegoen Parte Zaharrean. San Sebastian eguneko dianan, sokamuturrera bidean, hainbat parrandazalek upelak hartuta egin omen zuten lehen ibilaldia.
Ez da ahaztu behar, hiri setiatua zela orduko Donostia. Eta erabat berritua. 1813an hiria guztiz kiskali zuten, eta urteak behar izan zituzten berreraikitzeko. Paretak ez ezik, hiri oso baten giroa berreraikitzen saiatu ziren, kultura aldetik eta dibertimendu aldetik. Konpartsen ohitura berreskuratu zen azkar batean; inguruko gertakariak eredu hartuta, inauterietarako aitzakia bihurtzen zituzten: kaldereroak zirela, inude eta artzainak zirela, lorezainak zirela edo Valentziako itsuak zirela. Honela, bada, inauteriei erabat lotuta, konpartsa bat gehiago izan ziren lehen danborrada haiek.
Sokamuturrari lotuta
Inauteriak ez ziren nolanahikoak hirian. Eta bertako tradizio garrantzitsuenetako bat zen sokamuturra: San Sebastian egunetik inauteriak amaitu arte, egunean hiru bider egiten omen zen. 1570. urteko kronika batean jada aipatuta agertzen da. Donostiarrentzat berebiziko garrantzia zuela erakusten du 1815ean, hiria kiskali eta bi urtera, Plaza Berriko hondakinetan ospatu zen sokamuturra.
Danborradak sokamuturrarekin zuen loturaz jabetzeko, 1902 urtera egin behar dugu jauzi. 1900. urtean Espainiako Estatu osoan sokamuturra debekatu zen. Bi urtez ezikusiarena egin ostean, zinegotzi talde batek, «ibiltari baketsuarentzat» arrisku larria delakoan, debekatzeko eskatu zuen. Ederra zalaparta sortu zena. Sebastian Matxinbarrena orduko alkatearen etxearen aurrera joan ziren ehunka donostiar, oihuka eta harriak jaurtitzen. Garaiko kronikek apurtutako 79 farola zenbatu zituzten, eta 26 atxilotu.
Giro gaiztotu horretan, bertan behera geratu zen danborrada 1902. urtean. Hurrengo urtean, egoera hobetu ez, eta non eta Hernanin ospatu zuten Donostiako elkarteek danborrada. 1906. urtera arte ez zen itzuli festa hirira bere osotasunean, Union Artesana, Cantabrico Kluba, Sporti Clai, Amistad Donostiarra, Donosti Zarra, Euskal Billera eta Umore Ona elkarteekin.
Sarriegiren doinuak, hiriarenak
Bat datoz historialari gehienak. Danborradaren tradizioak iraun bazuen, Raimundo Sarriegik egindako doinuengatik izan zela (Parte Zaharra, 1838-1913). Berak idatzi zituen egun donostiar guztiontzat horren ezagunak diren danborradako pieza gehientsuenak. San Sebastian martxa bera, 22 urte besterik ez zituela.
Jose Ignazio Ansorena musikariak askotan ohartarazi duen moduan, lan hauek badute musikatik harago dagoen zerbait: garaia transkribatzen zuten. Diana kanta adibide hartuta: bistan da lehen esaldia diana militar baten imitazioa dela, burla egiteko asmo argiarekin. Bigarren esaldia, doinu alemaniar bat da: «Donostia inguratu eta bertan sartu ziren Europa erdiguneko soldadu mertzenarioek tabernetan mozkor-mozkor egindakoan abesten zuten kanta baten aipamena: Es geht ein rundgesang (Errondan dago kanta, edo antzeko zerbait)». Hirugarren esaldian berriro diana baten imitazioa, eta hari erantzunez, «arrantzalea naiz eta…» kanta herrikoia. Puzzle bat da, gaur egungo remixen parekoa, baina garaian, herritar guztiek ezagutzen zutena.
Errepertorioa finkatzen joan zen urteen poderioz, eta elkarte gastronomikoek sustatuta, danborradak egungoaren antza handiagoa hartzen hasi ziren: danbor nagusia, militar eta sukaldari jantziak… Hala ere, ez ziren hain erraz betikotu. Hor dugu 1892an Union Artesanak uniformeak alde batera uzteko emandako agindua, «norbera, bere kapritxoz jantzita, alegia, antzinako moduan». 1900. urtean ere konpartsa bitxia atera zen: hamasei txipiroi gastadore moduan, hogei lanperna danborretan eta hamabi upeletan, eta 60 musikari muskuilu eta lapaz mozorraturik. Ez zen inolaz ere gazte batzuen bihurrikeria, ordurako ospe izugarria zuen Sarriegik bi kanta egin baitzituen okasiorako: Mariscos en tierra eta Lamentos de un chipirón. Hiriko jauntxoak, ordea, gozo jarri ziren, eta Union Artesanari eta gainontzeko elkarteei formaltasunera itzultzeko deia egin zieten.
Eta emakumeak non zeuden?
Gizonak izan dira protagonistak orain arte kontatu dugun historian. Jakina da, ez emakumeak festazaleak ez zirelako, debekatu egiten zitzaielako baizik. Tradizioa aitzakia gisa erabili izan da, hain zuzen, urtez urte aldatuz joan den ohitura batean.
Danborradan emakumeek izan duten ibilbidea sakonean aztertzeko ikerketa abiatu zuen Donostiako Udalak 2012an. 2014 urtean, Beatriz Moralek eta Xabier Kerexetak zuzendutako taldeak Emeki-emeki berdintasunezko Danborradarantz liburua kaleratu zuten.
Bertan jasotzen denez, ugariak dira jaiaren hasieratik emakumeen parte hartzea baieztatzen duten erreferentziak: «1910ean danborrada, sokamuturraren iragarle izatetik ‘askatuta’, goizaldean atera beharrik gabe, herritarrak esnatu beharrean, oheratzeko tenorera aldatu zen, erretreta modura. Eta ordutegi aldaketaren albo-kalteetariko bat izan zen, hain zuzen, danborrarien inguruan kalejiran zebiltzan neskameek ez zutela joaterik, nagusien etxean afaria zerbitzatu behar izaten zuten eta». Penaz jasotzen dute garaiko kronikagileek emakumeen falta.
Emakumeak, kantineraz gain, soldadu eta danbor jotzaile ere hasi ziren agertzen Union Artesanaren eskutik 1920ko eta 1930eko hamarkadetan. 1920ko hamarkadan sortutako Loiolatarra elkartea, misto sortu zen: emakumeak baziren bazkide fundatzaileen artean eta aktiboki parte hartzen zuten. 1936an Euskal Billerak antolatutako haurren danborradan, kantinera eta banderadunaz gain, Laura Idigoras joan zen kapitain, beste mutil batzuek bestelako paperak zituzten bitartean.
Eboluzioa, baina, ez da nekerik eta oposiziorik gabea izan. Liburuan jasotzen denez, Arantxa Gurmendik gogoratzen du amari entzunda, 1934an, Union Artesanak 30 emakume danbor jotzailek osatutako danborrada atera zuela, eta gehitzen du: «Sekulakoak entzun behar izan zituzten, eta ez zuten jarraitu».
Frankismoan tradizioa asmatzen
Jaiaren historia hiriaren historiari hertsiki lotuta dago, noski. Bigarren Karlistaldian San Sebastian egunik ospatu ez zen moduan (1875-1876) San Sebastian eguneko bonbardaketa batean zauritu zuten Bilintx—, 1930eko hamarkada gorabeheratsua izan zen: aharik eta 1936ean bertan behera geratu zen arte.
1940tik aurrera, baimendu bai, baina agintari frankistak gauez egitea debekatu zuten. Gorabehera eta protesta ugari tarteko, gutxika normaltasun berri batera moldatzen hasi ziren elkarteak.
Jatorria inauterian dagoela historikoki frogatua egonagatik ere, inauterietatik urruntzeko ahalegina frankismoaren garaian areagotu zen, udal gobernuak «ordena, diziplina eta dekoroa» lehenesten zituelarik. Alkatetzak plazaratzen zituen prentsa oharretan berariaz debekatzen zen kalean paperezko txanoak, karetak edo inauteri kutsuko ezein elementu baliatzea, danborradaren «tradiziozko zentzuarekin» bat ez zetozelakoan.
Orduko komunikabide zenbaitek ere kritikatzen zituen bat-bateko danborradak: «Gamberros empeñados en convertir nuestra fiesta ritual en una parodia de carnaval brasileño» (El Diario Vasco, 1962/01/22). Aldiz, 1963an Peña Anastasioren danborrada lehen aldiz atera zenean, prentsak laudoriozko harrera egin zion, ikusgarria eta duina, bilatzen zen formalitatearen eredugarri zelakoan.
Demokrazia eta donostiartasun berria
1977ko urtarrilaren 20a izango da Donostiako egunik historikoenetako bat. Banderaren igoera baino ordu gutxi batzuk lehenago, ikurrina legeztatu zutela jakinarazi zuten agintari —oraindik— frankistek. Plaza del 18 de julio deitzen zioten plazatik igo zuten lehen aldiz ikurrina, herritarren artean plaza betetzen zuten ehunka ikurrinekin batera. Esperantzaren Danborrada izan zen hura, frankismoaren garai iluna atzean utziko zuena. Ez, ordea, gatazka. Ordutik, hainbat San Sebastian egunek izan duelako gazitik gehiago gozotik baino. Poliziaren etengabeko kargak izan dira, ke-poto eta gomazko pilotekin. 1993a bereziki samina izan zen, ETAk Jose Antonio Santamaria Realeko jokalari ohia eta enpresaria hil baitzuen tiroz Gaztelupe elkartean afaltzen ari zela, droga trafikoarekin zuen ustezko harremana zela eta.
Gatazkak gatazka, gero eta gehiago dira San Sebastian egunean ateratzen diren elkarteak eta herritarrak. Hori bai, inauterietatik jada erabat aldenduta, konpainia gehienek eskema antzekoa erabiliko dute. Lanperna gehiagorik ez, hemendik aurrera, Danborradan.
1980-2005, parekidetasuna borrokan
Han-hemenka parte hartu dute historian zehar emakumeek Donostiako jai handian. Frankismoaren ostean, ordea, konpainia guzti-guztiak ziren segregatzaileak. Bidea urratzera heldu ziren, 1980. urtean, Kresala elkartekoak. Urtebeteko lanaren ostean, hartu zuten erabakia.
Kresala elkarte mistoa izanik, erabakia «naturala» izan zen, baina gainerakoen kritikak jaso zituzten. Polemika egon ote zen galdetuta, honela erantzun zuten elkarrizketa batean: «Hiru bileretan eztabaidatu genuen. Baziren aldekoak eta ez hain aldekoak, baina ikusi genuenean gainontzeko elkarteak gure kontra jartzen zirela, arrazoi ez oso onekin, ideiarekin aurrera egitea erabaki genuen».
Aldaketa errazteko, «historian» bilatu zuten emakumeen presentzia, eta urketariaren figura berreskuratu zuten. Emakumeek parte hartzerako bidea erraztu zuen figura honek.
1997az geroztik, 2005eko Berdintasun Legera arte, Donostiako Udalak berdintasun arloan hainbat estrategia abiatu ditu, tartean bereizketa egiten duten elkarteak diruz ez laguntzearena.
1999an, adibidez, 8.114 donostiar atera ziren 76 danborradatan. 37 ziren mistoak eta 38 baztertzaileak. Aurten, guztira, 20.578 lagunek desfilatuko dute Donostiako kaleetatik, eta, horietatik, 9.196 emakumeak izango dira (%44,69) eta 11.382 gizonak (%55,31). 158 elkarteetatik, zortzi dira nagusiki gizonezkoenak.
Tradizioa etengabe aldatzen den iturria dugu. Inauteriaren iragarle izatetik, solemnitate gaindosira egin dugu salto aurrera eta atzera. Emakumeek ez dute berdintasunez parte hartzen oraindik [erraz ikusten da elkarteetako sukaldeetan, edo bandera igoerako espektakuluan]. Atzera begiratuta, aldaketa da nagusi, eta gaurko egunez ikusten duguna, bestelakoa izan daiteke bihar: Horra zer (izango) den gure Donostia!