Dominekin omendu dute euren ibilbidea eta ekarpena
Agifes elkarteak, Easo abesbatzak, Gurutz Linazasoro neurologoak, Lola Horcajo historialariak eta Maite Sabadell enpresariak jaso dute oroigarria.
Azken bi urteetan ezin izan da Hiritar Merezimenduaren Dominak banatzeko ekitaldia egin, eta gaur berreskuratu dute berriz. San Sebastian egunaren bezperan, eta festa lehertu baino lehen, Donostiako norbanako eta elkarteei hiriaren alde eta komunitatearen alde egindako lana aitortu eta eskertu diete.
Aurten 53 hautagaitza aurkeztu dira, eta bost izan dira saritu dituztenak, ohi bezala. Elkarbizitza, zientzia, garapena, festa, kultura eta historian lan egin duten pertsona eta elkarteak omendu dituzte: Agifes elkartea, Easo abesbatza, Gurutz Linazasoro neurologoa, Lola Horcajo historialaria eta Maite Sabadell enpresaria.
Eneko Goia alkateak hiria hobetzeko lanean ari diren pertsona guztien lana eskertu du, eta aitortu die euren lanaren bidez ordezkatzen dituzuen balioak Donostia ordezkatzen dutela: “Lana gustura egiten duzue, ilusioz, eta askotan isilpean. Poza handia hartzen duzue gauzak ondo ateratzen direnean. Zuen esfortzua Donostiarentzat da”, adierazi du Goiak.
“Euren oroitzapenak eta euren istorioak gurekin partekatu dituztenei eskerrak eman nahi dizkiegu”
Lola Horcajo, historialaria.
Denboran zehar eta hiriaren iraganean barrena bidaiatzeko gaitasun izugarria du Lola Horcajok. Beti gustatu zaio xehetasun txikiei erreparatzea. Beti gustatu zaio hiria ulertzea, eta horretarako hiriaren historian murgiltzea. Hainbat liburu argitaratu ditu, eta xehetasun handiz aztertu ditu Donostiako dendak, Aieteko parkea, udaletxea, Miramar parkea, Kristinaenea eta Donostiako etxeak, besteak beste. Izugarri eskertu du domina hau: “Bihotzez eskertzen dugu. Ikertzen ari garen hiri honek berak ematen digulako”. Halere, lan hau guztia bere senar eta lankide Juanjo Fernandez Beobiderekin egin duela nabarmendu du. “Hiriarekiko sentitzen dugun pasioak eraman gaitu errautsetatik sortutako hiria ikertzera. Donostiarren lanari esker atera zen aurrera hiri hau. Hiri militarra izateari utzi zion harresiak bota ahal izateko, eta orduan hasi ziren eraikitzen hiri moderno eta kosmopolita”.
Hainbat testigantzei esker donostiarren eguneroko bizitza ikertu ahal izan dute biek. Nabarmendu du hiriaren ondarea ezin dela inola ere karga bat izan, eta gure ardura dela ondare hori gordetzea. “Euren oroitzapenak eta euren istorioak gurekin partekatu dituztenei eskerrak eman nahi dizkiegu”, esan du hunkituta Horcajok.
“Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak eta euren senideak artatzeko profesional gehiago behar dira”
Vicente Areta eta Rosalia Sanchez, Agifes elkartea
Gipuzkoako buruko gaixoen eta haien senideen elkarte Agifes 1985ean sortu zen Donostian. Tabu izandako gaia ezagutzera eman dute urte hauetan guztietan, eta laguntza eskaini die hainbat familiari. Egun Morlansen dute egoitza. “Oraindik lan handia dago egiteko”, nabarmendu dute. Elkarteak eskaintzen duen arregatik eta sentsibilizazio lanarengatik saritu du udalak
Vicente Areta presidenteak udalaren babesa eskertu du. “Harro nago familia handi hau ordezkatzeagatik. 1.000 lagun inguru gara. Buruko gaitzak dituztenen bizi kalitatea hobetzeko asmoz sortu genuen elkartea, eta gizartearen beharretara egokitzen joan gara. Urte asko daramagu erakundeekin elkarlanean, buruko osasunaren beharrei erantzuteko. Lau hamarkadotan egin dugun lana handia izan da, baina asko geratzen da egiteko. Profesional kopurua ez da nahikoa, eta instalakuntzak hobetu behar dira. Hobetu behar da hainbat arloren arteeko koordinazioa: hezkuntza, osasuna eta arlo soziala. Kalitatezko lanerako sarbidea erraztu behar zaie gaixoei, eta haien familientzako diru laguntzak hobetu. Agifesetik jarraituko dugu lanean erakundeek inplikazio handia izan dezaten guztion beharrak asetzeko”. Osasun mentaleko arazoak normalizatzeko beharra nabarmendu du, eta adierazi du Agifeseko ateak irekita daudela behar duten guztientzat.
Rosalia Sanchezek gogora ekarri du Agifes ezagutu zuen garaia, eta lur jota zegoela: “Buruko gaitza duen senide moduan joan nintzen. 30 urte dira hona iritsi nintzenetik. Ez nekien nola egin aurrera, eta Agifesi esker lortu genuen babesa ezinbestekoa izan zen. Ez genuen ulertzen gertatzen ari zena. Agifesek lagundu zigun gure egoera onartzen, eta gaixotasunarekin bizitzen. Antzeko egoeran dauden pertsonek babes hau lortzea nahiko nuke”, adierazi du.
“Mugitzen gaituena da gaixoen bizi kalitatea hobetzea”, jarraitu du Sanchezek. Eta Agifes osatzen duten guztiei eskaini die domina: “Elkarri babesa ematea oso baliotsua izan zen; niretzat laguntza taldeak izan ziren onena. Elkar ulertzen genuen. Handik kanpo ez gintuen inork ulertzen. Zirkulu hauetan beldurrik gabe hitz egin genezakeen eta besteen esperientziez ikasi. Dena eman zigun Agifesek, eta nik nire harri koskorra jarri nahi izan nuen. Elkartearekin bat egin nuen eta zuzendaritzan sartu nintzen”. Osasun mentalari merezi duen garrantzia emateagatik eskerrak eman dizkio Agifesi, eta sufritzen ari diren horiei guztiak izan ditu gogoan: “Joan daitezela Agifesera, eta laguntza eskatu dezatela”.
“Betiko gordeko dut egun hau nire bihotzean”
Maite Sabadell, enpresaria
Donostiako inauterietako Bataplan konpartsa arrakastatsuaren sortzailea izan zen Maite Sabadell. Gaur egun enpresaria da, eta hainbat negozio ditu, Bataplan diskoteka, besteak beste. Inauterien erreferente izan zen konpartsa sortu zuen: Bataplan konpartsa. 500 kide izatera iritsi zen. Lehen desfilearen lehen hazia berak jarri zuen. Bitxikeria moduan, alkateak kontatu du Cristina Garmendia Urrezko Danborra Bataplan konpartsako erregina izan zela behin.
Bide hau guztia Tristan Montenegro senarrarekin batera egin duela esan du, eta baita bere seme alabekin ere. “Berea eta nirea da saria. Baita Tristan, Maite eta Diegorena ere”. Eta aurrera egin ahal izateko talde handi baten babesa izan dutela esan du: “Une txarretan eta onetan izan dira gure alboan. Nire gurasoekin hasi zirenak dira. Esker ona adierazi nahi dut guztientzat. Domina hau nire gurasoei eskaini nahi diet, bereziki nire amarentzat. Ilusioa ez galtzeko esaten zidan, eta ondo egindako lanaren alde egiteko esaten zidan”. Berarentzat, inauterietako konpartsa ikuskizun izugarri bihurtzen ikustea zen saririk handiena. “Betiko gordeko dut egun hau nire bihotzean”, adierazi du bukaeran.
“Alzheimerraren aurkako antidotorik handiena da irakurtzea”
Gurutz Linazasoro, neurologoa
Poliklinikako Parkinson Ikerketa taldeko zuzendaria, Vivebiotech konpainia bioteknologikoko lehendakaria eta Donostian zabaldu berri duten Garun Etxearen espazioaren jabea da. Parkinson eta alzheimer gaixotasunen inguruan egindako ikerkuntza lan handia aitortu diote. Amaran Garun etxea ireki du. Liburutegi bat da, irakurzaletasuna sustatzeko, eta Linazasorok berak garunaren inguruan ikertzeko irakurri dituen 600 liburu baino gehiago daude bertan. “Alzheimerraren aurkako antidotorik handiena da irakurtzea. Irakurtzen ikasten dugunean jada izugarria da”.
“Euskal konpositoreen obra zabaltzen saiatu da beti lehen helburu moduan”
Juan Jesus Neira eta Santos Sarasola, Easo abesbatza
Kultura, kantua eta euskal kultura mundura eramateagatik saritu dute Easo abesbatza. 1936ko gerra amaitu eta hurrengo urteetan sortu zen; gerratik itzuli zen jendeak sortu zuen Parte Zaharrean, 1939an, eta 1940an sortu zuten abesbatza. Gizonezkoen koru batekin hasi ziren, eta gaur egun hamar abesbatza izatera iritsi da. Gainera, musika eskola bat ere sortu dute.
Santos Sarasolak uste du musika ematez gain, sozialki ere gauza asko ematen dizkiola hiriari. “Emakumeak eta gizonak elkarrekin ari dira gure abesbatzan. Euskal kultura zabaltzen dugu. Txiki eta gaztetxoekin egiten dugun lana. 70 urtetik gorako kantoreak ere badira gurean”. Abesbatza sortu zuten horiek guztiak izan ditu gogoan: “1940. urtean handik eta hemendik kantore haiek elkartu zirenean ez zuten zalantzarik izan. Ez ziren izen euskaldunak jartzeko garaiak, eta Easo izena jarri zioten. Izen honen bidez seinalatu zuten kantatzeko elkartzen zirela, eta euskal konpositoreeen obra zabaltzen saiatu da beti lehen helburu moduan. Easo izena jarri zuten, easotarrak bihurtuz. Bazekiten non bota nahi zituzten euren sustraiak, eta zintzo erantzun dio bere 83 urteko historian hiri honi. 600 kide mugitzen dira Easo abesbatzan. Abesbatzak mendeurrena betetzen duenean Urrezko Danborra jasotzea espero duela esan du irribarretsu Sarasolak.
Ekitaldiaren bukaeran San Sebastian martxa abestu dute osoko bilkuran elkartu direnek Easo abesbatzarekin.
Hona hemen, argazki bilduma: