Errondo Gure Etxea eguneko zentroa inauguratu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako San Juan de Dios Ospitaleak Errondo Gure Etxea eguneko zentroa inauguratu dute gaur, bazterketa egoera larrian dauden eta zaintza premia bereziki konplexuak dituzten pertsonentzat.
Instalazioak Donostiako Ospitalearen eranskin batean daude eta, gaur egun, eguneko zentroko 20 plaza daude erabilgarri. Egunero 28 pertsona ingururi ematen zaie laguntza bertan, esku-hartze komunitarioko lanari esker. “Eguneko zentroa gizarte, harreman eta osasun mailako narriadura larriak dituzten pertsonentzako arreta integratuko zentro baten parte da”, adierazi du Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak. Eguneko zentroaz gain, beraz, proiektuak egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako eta gaueko harrerarako egoitza zentro bat izango du ekainean, 24 plazakoa, nahiz eta gaur egun zerbitzu hori zazpi pertsonari ematen ari zaien.
Esku-hartzearen oinarria arreta pertsonalizatua da, gizarte bazterkeria egoera larrian dauden pertsonei kalitatezko arreta integrala eta jarraitua ziurtatuz, haien premietara ahalik eta gehien egokitzen diren babesa eta laguntzak eskainiz, horrela bizi kalitate eta gizarteratze maila handiena lortzeko.
Proiektu honek aldundiaren 2020ko aurrekontu irekien babesa izan zuen, eta lan guztiak bukatzean, 1.767 metro koadro izango ditu. Han kokatuko dira eguneko zentroa –24 plaza eta esku-hartze komunitarioko hamasei gehiago–, egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako egoitza (zortzi plaza) eta gaueko harrera zentroa (hamasei plaza), emakumeentzako berariazko modulu batekin. Plaza gehienak banako logeletan kokatuko dira, hemezortzi guztira, eta sei gela bikoitzetan; guztira, 30 egoitza plazara iristeko aukera izanez.