Garcia Cogorrok Gaztelubiderekin joko du bandera igoeran
Javier Garcia Cogorrok (Madril, 1963) jasoko du ostiralean 2023ko Urrezko Danborra, baina bezperatik murgilduko da jaian, Gaztelubide konpainiarekin San Sebastian martxa joko baitu gaur gauean Plaza Berrian, oholtza gainean. Hala azaldu dio Noticias de Gipuzkoa hedabideari, elkarrizketa batean.
Bestalde, Urrezko Danborra jasotzen dutenek egin ohi duten moduan, Gaztelubide elkartean afalduko du. Era berean, azaldu du Plaza Berrian egongo dela bandera jaitsieran ere, baina udaletxe zaharraren eraikinaren barruan.
Viralgeneko burua
Garcia Cogorro bioteknologiaren arloan 35 urte baino gehiagoko esperientzia duen ekintzaile eta inbertitzailea da. Viralgen Vector Coreko burua da, bektore biralen fabrikazioan zentratutako nazioarteko lehen mailako enpresa. Biozientzietan eta bioteknologian espezializatuta dago, eta arrisku-kapitaleko Columbus Venture Partners fondoaren sortzailea eta zuzendaria da.
25 urte eman zituen Eli Lilly & Co. enpresan, business development eta informazioaren teknologietako kargu exekutiboetan. Estatu Batuetan bizi izan da 20 bat urtez. Columbus Children’s Foundation eta Columbus Fundazioaren sortzaileetako bat ere bada. Matematikako (Estatistika eta Ikerketa Operatiboa) lizentziatura bat ere egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.