Bagera, behar den bezala
Iritsi da San Sebastian eguna, aurten normaltasunez ospatu ahal izango dena. Azken bi urtetan pandemiak nabarmen murrizturiko festa berreskuratu du Donostiak. Plaza Berria goraino bete da, eta gauerdiko kanpai hotsak jo orduko, 24 orduko egun bereziari hasiera eman diote. 'San Sebastian martxa' ozen entzun ahal izan da, plazan eta Easo abesbatzaren laguntzarekin.
Aste osoko giro petralak bazirudien ez zuela atsedenik emango, baina azkenean, ordu batzuez baretu, eta eguraldiak banderaren igoera behar bezala ospatzen utzi du. Milaka donostiarrek gogotik eskertu dute, bai Parte Zaharrean, eta baita beste auzoetan ere. Hemendik aurrera, eta gaueko 12ak arte, danbor eta upel hotsek ez baitute etenik izango auzoetan ere.
Plaza mukuru, askoz ere giro atseginagoan igaro dute Udal Liburutegiko balkoietan egoteko zortea izan dutenak. 25 donostiarrei, zozketa bidez tokatu zaie lehen solairuan egotea. Batzuk urduri, besteak lasaiago, giro polita izan dute, lehen aldiz altura horretatik ikusteko aukera izan dutenek.
Bigarren solairuan, emozio handia bai, baina ez dute lehen aldia. Udal agintariek eta gertukoek besterik ezin izan dute bertan egon, hiritar merezimenduaren domina jaso dutenekin batera.
Ate guztiak itxita mantentzeko saiakera egin arren, baten batek argazkia atera nahi izan du balkoitik. Baina akatsa. Ateak ireki bezain pronto, izugarrizko oihua entzuten baita kanpotik. Jendea bandera igoko zain dago, irrika batean.
23:55 puntuan direla, Eneko Goiak Donostiako bandera eskatu, eta hasi dute mastara lotzeko lana. Bost minutu horietan kaleko algara gela barruraino sartu egiten da.
Erlojuak 00:00ak puntu-puntuan dituela hasi da San Sebastian martxa, eta horrekin batera bandera igotzeko dantza. Behar bezala, kantarekin batera igo da goraino, eta orduan bai lehertu dela festa eta algara.
Danborren hotsek bi urtetan jo ez dutena joko dute gaur, egun bakarrean.
Hauxe duzue Jon Xabier Zabalak eta Xalba Ramirezek egindako argazki bilduma: