Carlos Sanzen erakusketa ikusteko azken asteburua
Artista donostiarraren erakusketa antologikoa azken txanpan sartu da, igandean itxiko baitute. Kursaaleko Kubo Kutxa aretoan ikus daiteke, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Askotariko obrak daude ikusgai ‘Carlos Sanz’ erakusketan. (Argazkia: Beñat Parra) Carlos Sanz margolari donostiarra (1943-1987) Gaur taldean aritu zen Jose Antonio Sistiagarekin, Jose Luis Zumetarekin, Jorge Oteizarekin, Eduardo Txillidarekin, Amable Ariasekin eta abarrekin batera are, Zuzenbidea ikasi zuenez, taldearen estatutuen idazketan parte hartu zuen, baina bere lana ez da haiena bezain ezaguna. Hain zuzen ere, bere lana ezagutzeko aukera paregabea dago Kursaaleko Kubo Kutxa aretoan, Carlos Sanz erakusketa antologikoari esker. 130 pieza baino gehiago daude ikusgai, besteak beste, olioak, collageak eta marrazkiak.
Sanzek hemofilia gaixotasuna zuen, eta bere bizitza eta obra guztia baldintzatu zituen horrek. Haurtzaroan, gaixotasuna zela eta, ezin izan zuen eskolara joan, eta helduen artean hazi eta hezi zen, hein handi batean, bere etxetik kanpoko mundutik aldenduta. Ordea, Mikel Lertxundi komisarioaren arabera, behaketarako gaitasun handia garatu zuen, eta hori oso presente dago bere obran, bere etxetik kanpo zegoen munduaz oso kontziente baitzen, eta asko kezkatzen zuen. Gaixotasunarekin lotuta, baita ere, oheak, leihoak eta bestelako elementu arkitektonikoak sarritan ikus daitezke bere artelanetan, berak denboraldi luzeak pasatu behar izaten zituelako ohean, eta, beraz, mundua aipatu elementuetatik ikusi behar zuen.
Ildo horretatik, Lertxundik beste elementu errepikakor bat nabarmendu du: homunkulua. Sanzen obra askotan ageri da, eta Sanzek berak deitzen zion horrela. Ez da beti berdina: batzuetan borobila, beste batzuetan gizaki forma argiagoarekin, beste batzuetan krisalida baten antzekoa, beste batzuetan odola darion fetu baten modukoa da, eta abar. komisarioak azaldu duenez, artistaren beraren «metafora» bat da.
Hiru aretotan banatuta
Erakusketa hiru aretotan banatuta dago, ordena kronologikoa zein artistak garai bakoitzean zituen ezinegonak aintzat hartuta. 1960ko hamarkadako lanak ditu lehenengo aretoak, eta Kanpoaldetik Barrualdera du izena. Bigarren aretoak Barrualdea du izena, eta, hain zuzen ere, bere barrenetan sentitzen zituenak ikus daitezke han, 1968. urtetik 1980ko hamarkadara doazenak. Collagea, Poesia eta Espiritu Kolektiboa da hirugarren aretoa, eta artistaren alderik umoretsuena erakusten dute han dauden obrek.

