"Gure presentzia oso nabarmena izan zen itsaslapurretan"
‘Itsaslapurrak’ karta jokoa argitaratu du Trikuharri Kultur Elkarteko Ekaitz Zabalzak, eta Dani Fano marrazkilari zein gidoigilearen laguntza izan du. Euskal Herriko itsaslapurren historia kontatzea eta nabarmentzea da elkartearen helburua.
Euskal Herriko itsaslapurren karta jokoa argitaratzea erabaki duzue. Zergatik?
Ekaitz Zabalza (E.Z.): Txikitatik karta jokoak asko gustatu izan zaizkit. Gainera, oporrak Oropesa herrian pasatzen genituen, eta han dago Museo del Naipe ezaguna. Bestalde, jendeak karta joko bat ematen zidan askotan opari gisa. Esan moduan, horien oso zalea nintzelako eta karta jokoen bilduma egiten nuelako. Horiek horrela, duela bost urte okurritu zitzaidan Nafarroako konkistari buruzko karta joko bat egitea. Historian ez dut formakuntzarik, baina asko gustatzen zait. Itsaslapurrak karta jokoaren ideia berdina da, muserako karta joko batean oinarritua dagoelako, eta egitura berberarekin. Guk ezagutzen ditugun jokoetan aritzeko, baina eduki historikoarekin.
Nafarroako konkistaren karta jokoak harrera ona izan zuela ikusita, Trikuharri Kultur Elkartea sortzea erabaki genuen. Izan ere, gustuko ditugun historia gaien inguruko karta jokoak egitea da gure asmoa. Horrela, Itsaslapurrak da gure bigarren karta jokoa. Oraindik askori erakargarria egiten zaigun gaia da itsaslapurrena, batez ere, haurrei. Interesgarria iruditu zitzaigun, eta badirudi jendeari ere gustatu zaiola.
Memoria historikoa lantzen duten eragile interesgarriak ditugu gurean, eta Nabarralde da horietako bat. Guk bide beretik jo nahi dugu, baina beste era batera. Behar bezala landu gabeko gaiak jorratu nahi ditugu. Zehazki, historiografia ofizialean ahazten ari direnak. Egia da azken urteotan kortsario gipuzkoarren inguruko lanak atera direla. Dena dela, haur eta gazteei begira argitaratu diren ipuin eta liburuetan ez dira Euskal Herriko itsaslapurrak aipatzen. Pertsonaiak asmatzen dituzte. Guk erakutsi nahi izan dugu da gure historian euskal pirata eta kortsarioak daudela, izen-abizenekin. Gainera, sekulako abenturak daude dokumentatuta. Beraz, ez dago istoriorik asmatu beharrik. Hori bera berreskuratu nahi dugu.
Dani Fano (D.F.): Harrigarria da itsaslapurretan izan genuen presentzia hain nabarmena izanik, gaur egunera horren gutxi iritsi izana. Ez dakit harrotzekoa edo lotsatzekoa den, baina kontatu beharrekoa da. XIV. mendean, gure presentzia oso nabarmena zen itsasoan, eta, bereziki, itsaslapurretan.
E.Z.: Bi adibide jartzeagatik. Batetik, Donostia izan zen Espainiako inperioaren portu kortsario nagusienetakoa eta Europako garrantzitsuenetakoa. Bestetik, Mitxel Etxegorria Marvelen komiki batean topatu nuen. Biñeta batean karibeko piratak aipatzen dira, eta lauen artean aipatzen da Michael The Basque. Estatubatuarrek karibeko lau pirata aipatzeko Euskal Herriko bat darabilte.
Zuek biak nola elkartu zineten abentura hau konpartitzeko?
E.Z.: Kortsarioen ostatua komikiari esker. Ilustratzaile bat behar genuen karta jokorako, eta gure lehen aukera Guillermo Gonzalez izan zen, aipaturiko komikiaren marrazkilaria. Berarekin harremanetan jarri ginen, baina nire mezuak erantzuteari utzi zion. Gerora jakin nuen hil egin zela, Daniren bitartez. Denbora bat pasatuta, Daniri berari proposatu genion karta jokoa ilustratzeko. Ez soilik marrazkilari gisa, baita gidoigile moduan eskarmentua bazuelako ere. Egia esan, ederra izan da elkarlana, gaia ondo ezagutzen zuelako. Horrela, sormen prozesua batera egin dugu.
D.F.: Guillermo zen Europako marrazkilari hoberenetako bat. Aquariumeko horma irudia berea da, eta zoragarria iruditzen zait. Bere izaeragatik, ez zuen bere burua nabarmentzeko gogorik, ez zuen osperik bilatzen. Bizitza oso lasaia zeraman. Sekulako talentua zuen. Komikian narratiba antzekoa genuen biok, eta horregatik ondo moldatzen ginen. Horren emaitza da Kortsarioen ostatua. Komiki horrek eta karta jokoak kutsu errealista behar zuten. Haren omenez, karta batean keinutxo bat egin nahi izan diot.
Dokumentazio prozesua zaila izan al da?
E.Z.: Itsaslapurrei buruzko liburuak bilatu ditugu, eta horien bibliografien bidez erreferentzia berrietara iritsi gara. Kontsultatu ditugun liburu asko bigarren eskukoak izan dira, eta beste asko deskatalogatuta daude dagoeneko. Horrek indartzen du gure nahia itsaslapurrei buruz idazteko. Ildo horretatik, monografiko labur bat prestatzen ari gara, egindako dokumentazio lana laburbilduko duena liburu batean.
D.F.: Guk jaso duguna iritsi zaiguna da. Alegia, gehiena dokumentu ofizialetatik atera dugu; adibidez, epaiketetatik. Ikerlariek jaso zuten, eta guri iritsi zaigu ikerlari horien bitartez. Ez dakiguna da gertaera horiek izan ote ziren nabarmenenak. Pedro Agirre Kanpanario izan zen garaiko kortsario esanguratsuena? Hori da, behintzat, iritsi zaiguna. Gehien aipatzen eta errepikatzen diren pertsonaiak karta jokoan sartu behar genituela argi ikusi genuen. Beste pertsonaia batzuk askoz ere ezagunagoak dira, eta horiek hasieratik aurreikusita genituen. Esaterako, Ixtebe Pellot, Joanes Zubigaraitxipi eta Mitxel Etxegorria.
Eta bakoitza ilustratzeko lana nolakoa izan da?
D.F.: Egia esan, oso dibertigarria. Garaiko erretratuak soilik daude; Pellotena, Joana Albretekoarena eta Jean Lafittena. Horiek oinarri gisa hartu nituen karta jokoaren ilustrazioetarako. Besteak, ordea, asmatuak dira. Orduan, ariketa oso polita da. Lehenik, zein itxura eman bakoitzari. Ondo begiratu dut nortzuk ziren, eta casting mental moduko bat egin nuen. Aktoreak, pilotariak, sagardotegi bateko nagusia eta beste topa daitezke ilustrazio horietan [barrez].
Egia da lan asko egin dudala, ez ditudalako pertsonaiak berehala irudikatu nire buruan. Lanketa bat dute. Jantzien eta armen dokumentazioa ere egin dut pertsonaia bakoitzarentzat. San Telmo museoan eta Donostiako Aquariumean dauden elementuak erabili ditut: armak, jantziak, sagardoaren pitxarra eta beste.
40 karta eta ilustrazio ditu ‘Itsaslapurrak’ karta jokoak. Egin duzuen antolaketa zeren araberakoa izan da?
E.Z.: Lau multzo ezagunetan banatuta dago: urreak, kopak, ezpatak eta bastoiak. Hori bai, elementu horiek euskal itsaslapurren garaira eraman ditugu.
D.F.: Urrea, XIV. mendeko Donostiako zigilua da. Kopa, sagardo basoa, Aquariumean ikus daitekeena. Ezpata, garai hartako armen bilduma, hauek ere Aquariumean daudenak. Eta bastoia, berriz, gabila. Itsasontzietan erabiltzen ziren gabilak, sokak lotzeko. Hori bai, gabila horiek askatu eta borra moduan ere erabiltzen zituzten.
E.Z.: Kroniken arabera, XIV. mendean agertu ziren euskal itsaslapurrak, eta ordutik XIX. mendera bitarteko kontaketa kronologikoa egin dugu karta jokoan. Multzo bakoitzak badu bere kohesioa, eta baita ere karta jokoak bere osotasunean. Pertsonaiak, lekuak, pasarte historikoak, gailuak, itsaslapurrei loturiko ekintzak eta beste islatu ditugu ilustrazioetan.
Pertsonaien artean, donostiarrak eta Donostiarekin lotura daudenak daude. Tartean da Pedro Agirre ‘Kanpanario’ kortsarioa. Parte Zaharreko kale batek haren ezizena dauka.
E.Z.: Pertsonaia berezia da, ez dakigulako zer zen, kortsario ala pirata? Itsaslapurretan aritzen ziren kortsarioek muga batzuk zituzten, baina erraza zen horiek urratzea. Hain zuzen ere, Kanpanario horregatik epaitu zuten.
D.F.: Kortsarioa zen, horretarako bermea zuelako, baina maiz urratzen zituen bere eskumenak. Jendea harrapatu eta torturatzen zuen. Hau da, kabroi eta animalia bat zen. Azken batean, itsaslapurreta koroak babesturiko gerra ekintza bat zen etsaiaren merkataritza oztopatzeko. Kortsarioentzat ondasun iturria zen, eta, noski, ez ziren batere eredugarriak. Donostiako Piratek pertsonaia hori hartu, emakumezko bihurtu eta gona batekin aurkeztu izana paregabea iruditu zitzaidan.
Juan Sebastian Elkano ez da karta jokoan ageri. Zergatik?
D.F.: Ez, noski, ez zelako itsaslapurretan aritu. Elkanoren harira, hausnarketa bat egin beharko genuke, herri zapaldu bati heroiak lapurtu eta inposatzen zaizkiolako. Adibide bat jarriko dut. Amara Berrin mugimendu bat sortu zen Gobernu Zibila kultur etxe bihurtzeko. Hiriko auzo populatuenetakoa da, eta kultur etxea futbol zelai baten sotoan dauka. Hau da, futbola kulturaren gainean. Gobernu Zibilaren eraikin horrek historia zikina du, han pertsonak torturatzen zituztelako. Mundiala izango litzateke herritarrentzako berreskuratzea. Ordea, Espainiako Gobernuak ez du eraikina uzteko asmorik. Horrela ere, PSE-EEk proposatu izan du han kultur jardueraren bat antolatu daitekeela. Okurritu zitzaien, gure pertsonaia historiko batzuen inguruan hitzaldi batzuk egitea: Ignazio Loiolakoa, Katalina Erauso eta Juan Sebastian Elkano. Ez da kasualitatea horiek aukeratzea, zapaltzaileak hautatu dituztelako. Horiek dira guri jarri dizkiguten heroiak. Agosti Xaho ez da existitzen, eta beste asko ez dira interesgarriak.
Gure heroien berrikuspen bat egin beharko genuke. Elkano ez zait pertsonaia miresgarria iruditzen. Zergatik miresten dugu futbolari bat? Sekulako ekarpena egiten diolako gizarteari? Ez, baloi batekin balentria jakin batzuk egiten dituelako. Elkanorekin gauza bera gertatzen da, munduari bira emateko balentria egin zuelako nabarmentzen da.
NON ESKURA DAITEKE ‘ITSASLAPURRAK’ KARTA JOKOA?
Iruñeko Trikuharri Kultur Elkarteak Donostiako bi lekutan jarri du salgai Itsaslapurrak karta jokoa. Batetik, Parte Zaharreko Hontza liburu dendan eskura daiteke bere osagarriekin batera. Bestetik, Egiako Ebla liburu dendan ere eskura daiteke urte hasieratik. Aipaturiko osagarriak dira koloreztatzeko koaderno bat eta pin bilduma bat. Koadernoak 24 orri ditu eta Ekaitz Zabalza da egilea. Bederatzi itsaslapur (eta pirata ehiztari bat) ezagutzeko aukera ematen du koadernoak. Bai euren istorioak irakurriz, izki larriz eta txikiz idatzitakoak (irakurketa maila desberdinei begira), bai euren marrazkiak koloreztatuz. 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzako da.
Trikuharri elkartearen webgunetik doan jaitsi daiteke. Pin bildumak, berriz, lau pieza ditu eta Tasio marrazkilariak egin ditu. Bestalde, laster euskal itsaslapurrei buruzko monografikoa argitaratuko dute. Egindako dokumentazio lana liburu batean laburbilduko dute.