Bandera jaitsita ere, gu beti pozez!
Donostiarrak ohituta daude urtebete itxarotera San Sebastian eguna ospatzeko, baina oraingoan hiru urte itxaron behar izan dituzte Donostiako festa handia ganoraz ospatu ahal izateko, 2020koa izan baitzen normaltasunezko azken San Sebastian eguna.
Horregatik, are bereziagoa izan da 2023ko urtarrilaren 20a, jendea inoiz baino gogo handiagoz zegoelako eta jendeak merezi zuelako; inoizko jendetsuena izan da, 20.411 lagunek hartu baitute parte hiriko danborradetan. Hiri honek badaki ondo pasatzen, eta hori argi gelditu da egun honetan zehar; eskerrak 24 ordu baino ez diren! Esaldi hori esan du batek baino gehiagok Plaza Berriko Udal Liburutegiko balkoietan.
23:30ak aldera sartu dira Union Artesanako kideak Plaza Berrian, danborra eta upela joaz, baina, ordurako, plaza jendez lepo zegoen, abesten eta dantzatzen ari zen jendez lepo. Bandera igoeran gertatu zen moduan, festa giroa zen nagusi plazan eta balkoietan, bai etxeetakoetan eta bai Udal Liburutegikoetan. Lehenengo solairuan zeudenak, udalak egin ohi duen zozketan bertan plaza bat eskuratu duten zortedunak, ez zeuden duela 24 ordu bezain urduri, eguna borobiltzen ari baitziren. Izan ere, hori da bandera jaitsieraren xarma, lasaiagoa dela, arinagoa; eguna pasatu da, egin beharreko parranda eginda dago, jo beharreko danbor eta upel doinuak jota daude eta eguna borobiltzea baino ez da falta.
Bigarren solairuan, ohiko legez, udal agintariak zeuden, Javier Garcia Cogorro Urrezko Danborrarekin batera. Gainera, iazko Hiritar Merezimenduaren Dominak jaso zituzten herritarrak ere bazeuden; iaz ezin izan zutenez jaia behar bezala ospatu, orain izan dute aukera. Han zeuden Añorga Kirol eta Kultur Elkartea, Bidegin elkartea, Jose Maria Leclercq historialaria, Kresala Zinekluba eta Zurriola Antzerki Eskola. Bestalde, gaurkoan ere aldarrikapen mezuz beteta zegoen plaza.
00:00ak puntu-puntuan zirela entzun dira plazako kanpai hotsak, eta San Sebastian martxa jo dute Union Artesanakoek, Eneko Goia alkateak bandera gora eta behera mugitzen zuen bitartean eta plaza guztiak aho batez abesten zuen bitartean. Azken notarekin jaitsi du guztiz bandera, eta ofizialki bukatu da San Sebastian eguna. Gutxiago gelditzen da 2024ko San Sebastian egunerako! Hala ere, festa ez da bukatu Donostian, Plaza Berria goraino bete duten milaka lagunek ez baitzuten etxera joateko asmorik.
Jarraian, Ibai Arrieta argazkilariaren irudi bilduma ikus dezakezue: