Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusiak argazkilari bati eraso egin zion bandera igoeran
San Sebastian eguneko bandera igoeran, ez zen dena festa izan. EITBk emandako irudietan ikusi zen moduan, tentsio une bat izan zen, Jose Ramon Mendizabal Mendi Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusiak argazkilari bati eraso egin zionean. IRUTXULOKO HITZAko kolaboratzaile den Jon Xabier Zabalak bertatik bertara jarraitu zuen gertakaria.
Kontatu duenez, 23:55etan hasi zen tentsioa, “bandera igoera hasi baino minutu gutxi batzuk lehenago”. Hamabi bat argazkilari zeuden, baita hiru bideo kamerari ere. Zuzendarien eta publikoaren artean kokatu ziren argazkilariak, eta danborrak eta upelak sartu arte egon ziren bertan.
Kresalako dantzariak sartu zirenean, argazkilarientzat ez zen tokirik, eta bidaltzen hasi ziren, oihuka. Txarangaren eta zuzendarien artean jarri zituzten argazkilariak, eta, hor zeudenean, berriro oihuka hasi zitzaien Danbor Nagusia: “Kendu hemendik”, “beti da berdina”, “nahikoa da”, “ostia”, eta abar esaten. Tentsioa handitu zen, irudiz, Mendi, eskuetan zuen makilarekin, argazkilariak “mehatxatzen” hasi zenean, “fuera hemendik!” oihukatzen.
Une horretan, argazkilarietako batek erantzun egin zion, lan egiten uzteko eskatuz, eta hor jazo zen erasoa. Mendi oholtza txikitik jaitsi zen, zuzenean argazkilariarengana abiatu zen, eta ukondoarekin jotzen saiatu zen. Argazkilariak atzera egin zuen eta ez zuen kolpea jaso, baina tirabira egon zen. Segituan, inguruko jendea Mendi baretzera joan zen, upelen zuzendaria eta ingurukoak, eta argazkilariengandik banatzea lortu zuten.
Jende eta tentsio multzo horren erdian, atzera egiten hasi zen Mendi; oholtza txikiko ertza ikusi ez, eta bizkarrez erori egin zen. Kresalako dantzariek eta bertan zeuden gainerakoek jaikitzen lagundu zioten, eta tentsioa nola edo hala baretuta, banderaren igoera normal egitea lortu zuten. Oso azkar gertatu zen dena, “30 segundoko tentsio momentu bat izan zen”, Zabalaren hitzetan.
Bertan egon zirenek onartzen dutenez, urtero egoten dira antzeko tirabirak argazkilari eta danborradaren artean, baina aurtengoa ez da sekula gertatu. Dirudienez, aurten ohikoa baino jende gehiago egon da oholtza gainean, eta horrek areagotu du tentsioa.
Gaiaren inguruan ez du inork adierazpenik egin, baina sare sozialetan bolo-bolo ibili da. Izan ere, EITBk egin zuen zuzeneko konexioan gatazkaren unea ikusten da, baina segundo gutxira seinalea moztu zuten. San Sebastian eguneko pertsonaia garrantzitsua da Mendizabal, bera baita Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusia 2010. urtetik.
Aurreko momentutan haserre ageri izan da, ta kamera kendu diotenean eta goiko perspektiba azaldu, badirudi edo erori edo bota egin dutela. Berriz ere atera dutenean hauxe: pic.twitter.com/xp7gETP1A8
— Baloia Sarera (@BaloiaSarera) January 19, 2023