Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak sektorea defendatu du Donostiako ustezko lan esplotazio kasuaren aurrean
Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko zuzendari batzordeak sektorearen alde agertu da Donostiako lan esplotazio kasua jakin bezain laster. “Duela ordu gutxi jakin dugu Donostiako hiru “enpresaburu” atxilotu dituztela ustezko lan esplotazioa egotzita. Gaiaren inguruan, sektorean zuzeneko eragina duen berria izanda, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Zuzendari Batzordeak adierazpen hauek egin ditu”, adierazi dute.
Alde batetik, nabarmendu dute horrelako “pertsonaiak” ostalaritzako enpresaritzat jotzeak kalte baino ez diola egiten Gipuzkoan 4.000 enpresaburu txikik eta autonomok baino gehiagok osatzen duten sektorearen irudiari: “Izan ere, egunez egun, establezimenduak irekitzen dituzte herritarrei zerbitzua emateko, indarrean dagoen legedia zintzo betez”. Bestalde, atxilotuei leporatzen zaizkien “akusazio larriak” frogatuz gero, zigorra jasotzea espero dute, eta, denbora batez, “inolako jarduera ekonomikorik egiteko modurik ez izatea”.
Horrez gain, Gipuzkoako ostalaritzako enpresariak animatu dituzte “beti izan duten zintzotasunarekin” lan egitera, nahiz eta jakin horrelako ekintzek eta albisteek sektorearen irudia lausotu dezaketela eta “hiru ardiren hutsak bildots askok” ordaintzen dituztela. Azkenik, nabarmendu dute “bezero argiak” dituztela, prozesuan inplikatutakoak eta haien erantzukizun penalak ezagutu ondoren –halakorik balego–, “horren arabera jokatzen jakingo dutenak”.