LABeko bi kidek epaitegian deklaratu dute bide mozketa bat egiteagatik
Astelehenean LAB sindikatuko bi kidek epailearen aurrean deklaratu behar izan dute, Gipuzkoako helduen egoitzetan egindako greba batean, protesta gisa, bidea mozteagatik. Atzo, elkartasun eta protesta gisa, Antso Jakituna hiribidea moztu zuten LABeko hainbat kidek.
LABek salatu duenez Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Helduen Egoitzak kudeatzen dituzten Patronalak dira “epaituak izan behar luketenak, egoilarren eta sektoreko langileen eskubideen urraketa etengabeagatik”. Batez ere, COVID19aren izurritearen aurrean “erakutsi duten arduragabekeria eta bihotzgabetasunagatik”.
Sindikatuaren ustez, “langile borroka kriminalizatzeko beste saiakera baten aurrean gaude. Borroka sozio-sindikala itzali, isildu nahia, noiz eta lantokietako borrokak ugaritzen ari direnean; langile borrokari galga jarri nahian dabiltza. Atxiloketek, jipoiek, isunek eta identifikazioek ez dute langile borroka geldiaraziko”.
Mezu hau zabaldu dute, borrokan dabiltzan langileentzat: “Borroka sindikala zigortzen duten bakoitzean elkartasunez erantzungo dugu, hortaz jarraitu dezagun indarrez kaleak astintzen, ekintza sindikala langileon eskubide eta interesak defendatzeko tresna baliotsua da”.
Helduen Egoitzetako langileen lan baldintzak duintzeko oinarrizko aldarrikapen hauek zabaldu ditu sindikatuak:
1-Herrialdeko hitzarmen bat sektoreko lan baldintzak berdindu eta hobetzeko.
2-Ratioak handitzea, lan baldintzak ez ezik zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. ¼. Langile bat lau egoiliarreko.
3-Pribatizazioarekin amaitzea. Diru publikoz finantzatutako zerbitzu publiko batean lan egiten duten langileen azpikontratazio eta prekarietatearekin amaitzeko.
Deklaratzen ari zirela, LABeko hainbat kidek errepidea moztu dute beste behin, borroka sindikalaren eta zaintza lanen garrantzia aldarrikatuz#AurreraBorrokaSindikala pic.twitter.com/6J8OhjReOL
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) January 23, 2023