Ondarearen Aholku Batzordearen araudia onartu du udal gobernuak

Donostiako Udalak argi berdea eman dio Ondarearen Aholku Batzordearen araudiari. Batzorde honek Hirigintza Sailaren organo aholku emaile gisa jardungo du.
“Batzorde honen sorrerarekin, udalak ondareari buruzko aholkularitza organo bat gaitzeko konpromisoa bete du. Batzordea ondarean adituak diren profesionalek osatuko dute. Hala, hiriaren ondare historiko, arkitektoniko, kultural eta urbanoarekin zerikusia duen guztiari buruzko kontraste eta eztabaida foro antolatu gisa arituko da”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
“Gaian adituak diren profesionalek beren balorazio kualifikatua egingo dute, irizpideak ahalik eta objektiboen eta oinarrituenak izan daitezen”, gaineratu du Goiak.
Esan moduan, Donostiako Udaleko Hirigintza Sailaren menpekoa izango da Ondarearen Aholku Batzordea. Egitura, berriz, honakoa izango da:
- Batzordeburua –Hirigintza zinegotzia edo hark hautaturiko ordezko zinegotzia–.
- Hirigintzako zuzendaria edo Hirigintzako teknikari bat –zuzendariak aukeratua–.
- Hirigintzako arkitekto bat –Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) arduraduna–.
- Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare teknikari bat.
- Ondarean aditua den teknikari bat, Ondarea Defendatzeko Elkarteen artetik izendatua.
- Ondarearen arloan adituak diren lau profesional, batzordeburuak izendatuak. Haietako bi, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako Ordezkaritzako Ondare Batzordeak proposatuko dituzke.
Ancora elkartea kritiko azaldu da batzordearen eraketarekin, eta horren inguruan galdetu diote alkateari. Zehazki, batzordeko kide bat ondarean aditua den teknikari bat izango da, eta hori Ancora izan daitekeen galdegin diote. “Ondarea Defendatzeko Elkarteen artean ados jarri beharko dira ordezkaria aukeratzeko”, esan du Goiak.
Egitekoak
Batzordeak txostenak egiteaz arduratuko da, eta udal gobernuari aholkuak emateaz Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko gaietan. Alde batetik, EHOBPB berrikusteko eta aldatzeko espedienteetan, eta, bestetik, katalagoko elementuak eta multzoak sartzeko edo baztertzeko espedienteetan. Horrekin batera, hiriko ondarearekin loturiko espediente garrantzitsuetan parte hartzeko aukera izango du.