
Realak ez du Camp Noun irabazi 1991ko maiatzetik, duela ia 32 urte. Urtez urte Bartzelonaren etxean erortzen joan da, batzuetan alde handiagoarekin, beste batzuetan alde txikiagoarekin eta beste batzuetan puntu bakarrarekin bueltatuz, baina ez du inoiz irabaztea lortu. Gaur gauekoa (21:00), ordea, ez da beste neurketa bat gehiago izango, kopako final-laurdenetako neurketa baita; irabazten duena finalerdietara doa. Beraz, garrantzia bikoitza dauka gaur irabazteak.
Imanol Alguacilen taldeak oraindik ez du porrota ezagutzen 2023an, baina baja ugarirekin iritsiko da Bartzelonara. Tartean, Merinorena eta Silvaren azken orduko baja. Horrela ere, txuri-urdinek badakite denboraldi honetan edozein talderi irabazteko gai direla; ez da kasualitatea ligan hirugarren joatea. Xavi Hernandezen Bartzelona ere ez dator gaizki, Espainiako Superkopa irabazi berri baitio Real Madrili, joko ona eginda.
Horrela, deialdia kontuan izanda, aurreikusi daiteke hamaikako hau zelairatuko duela Alguacilek: Remiro, Aritz, Zubeldia, Le Normand, Rico, Brais, Zubimendi, Illarra, Oiartzabal, Kubo eta Sorloth. Etxekoei dagokienez, hamaikako hau aurreikusten da: Ter Stegen, Sergi Roberto, Araujo, Kounde, Balde, Pedri, Busquets, De Jong, Raphinha, Lewandowski eta Gavi.