Surf parkea Donostian jartzearen aldeko asmoa berretsi dute EAJk, PSE-EEk eta PPk
Wavegarden enpresak Donostian eraiki nahi duen surf parkeaz udal taldeek duten iritzia azaleratu da urteko lehenengo udalbatzarrean.
EAJ, PSE-EE eta PP olatu artifizialen azpiegitura hirian egitearen alde agertu dira, eta Wavegarden enpresari laudorioak eskaini dizkiote. Surf parkearen kokapenari dagokionez, jeltzaleek eta sozialistek ez dute zehaztu Martuteneko Antondegi eremu berdean kokatu nahi duten edo ez.
EH Bilduk aurkezturiko mozioa soilik Elkarrekin Donostiak babestu du. Koalizio abertzaleak udal gobernuari eskatu dio “koherentziaz jokatzeko” eta bertan behera uzteko Antondegin surf parkea egiteko proiektua. “Gaur egungo klima larrialdiaren egoerarekin talka egiten du proiektu honek. Gogorarazi behar dugu 2020ko martxoaren 20an udal gobernuak Klima Larrialdiaren Adierazpena argitaratu zuela. Adierazpenari lotutako ekintza planaren helburuetako bat da lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru batzuk egikaritzeari uko egitea. Hortaz, Antondegin surf parkea egiteak talka zuzena egingo luke helburu horrekin”, azaldu du Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak.
Mikel Lezama PPko zinegotzia, Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramailea eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzi jeltzalea Wavegarden enpresaren alde agertu dira. Zehazki, enpresaren balio teknologikoa eta jasangarria nabarmenduz. “Punta-puntako berrikuntza enpresa” dela adierazi dute Lezamak eta Garmendiak, eta ulertezina iruditzen zaie proiektu honekiko kontrakotasuna.
Bestalde, Lezamak alderaketa bat egin du surf parkearen kontrako argudioak kritikatzeko: “Donostian hiru hondartza ditugu, eta horrela ere igerilekuak ditugu udal ekipamenduan. Mendia ere badugu, eta rokodromoak ere badaude hirian. Bide eta bidegorriak ere badaude, eta spinning-a egiteko aukera dago gure kiroldegietan. Beraz, ezin da esan Donostian itsasoa dugulako surf parkea sobran dagoenik”.
Garmendia kritikoagoa izan da “ezker abertzalearekin”. Wavegarden enpresa Donostian “geratzearen” aldeko jarrera irmoa hartu du; “bestela, Bilbora joango dira”. Gogora dezagun, Wavegardenek Aizarnazabalen duela egoitza, eta ez Donostian. Azpiegituraren kokapenaz ere hitz egin du, baina ez du ziurtatu Antondegi izango litzatekeenik lekurik egokiena. “Ez bada Antondegin, beste leku batean jarri behar da, baina Donostian”, nabarmendu du Garmendiak. Ildo beretik aritu da Arzallus, Lezamaren eta Garmendiaren hitzak bere eginda: “Ez dakigu Antondegin zer jarriko den, baina kirol ekipamendu baterako lursaila dago zehaztuta. Agian Wavegarden han kokatuko da edo Ondarretako Tenisa. Oraindik ez dugu hori argitu”.