Ategorrieta 45eko bizilagunak "edozein unetan" kaleratuko ditu Azora putre funtsak
Ezagunegia egin da Azora putre funtsaren izena Donostian, eta, bereziki Gros auzoan. Bere jabetzako eraikinetan alokairuen %13ko igoera ezarri zuenetik, hamarnaka izan dira etxetik kanporatu dituzten auzotarrak. Oraingo honetan, Ategorrieta 45. zenbakiko bizilagunak izango dira.
Epaile batek hala aginduta, atzo amaitzen zitzaien etxeko giltzak itzuli eta husteko epea. Bertan bizi diren gazteek ez dute horrela egin, eta orain hutsaraztearen zain daude. Saretxe Groseko etxebizitza sindikatuak dioenez, “nahiago dute desalojo isila egin”, eta, beraz, “edozein unetan eman daiteke” hemendik aurrera.
Azoraren jarduna salatu du sindikatuak, eta hiriko etxebizitza larrialdiarekin erabat lotu dute, bai etxebizitzen prezioen gorakadarekin, baita etxebizitza turistikoekin lotutako aferarekin ere.
Hainbat lagunek babesa adierazi diete Ategorrieta 45. etxebizitzako gazteei, eta mobilizatzen jarraituko dutela berretsi dute.