Mongoliako eta Koreako zaporeak, bizitza berri bat eraikitzeko
Jatetxe berri bat ireki dute jatorri mongoliarreko hainbat bizilagunek Erdialdean. Khajidmaa Sanjaajav da jabea (Ulan Bator, Mongolia, 1984), eta berea proiektuaren ideia. Mongoliako eta Koreako janariak eskaintzen dituzte, eta hilabete eskas daraman arren irekita, hainbat dira bertatik pasa eta errepikatu egin dutenak. Baldintza bakarra: pikantea maitatzea.
![Ongi etorri auzora, Mongolia](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2023/01/3b_star.jpg)
Hotza gogotik ari duela esaten abiatu dugu elkarrizketa, Donostiako azken asteko elkarrizketa gehienen moduan. Khajidmaa Sanjaajavek irri egin digu. Mongoliarra da bera, Ulan Bator hirikoa: “Han hotzera ohituta gaude. Gaur -35 gradu egiten ditu nire hirian, adibidez”, kontatzen du erdi barrez. Hotzari aurre egiteko, “ondo janztea” besterik ez dago: “Larruzko eta kaxmirrezko berokiak”. Bera da Erdialdeko B-Star jatetxe berriaren jabea.
Ate txikitxo batek ematen du lokalera sarbidea, Larramendi kalean. Oharkabean pasatzen den arren, eskailera batzuek leku egiten diote lokal handi bati. Goiko kartelean argi geratzen da: B-Star mongoliar eta korear janaria.
Izenaz galdetu diogu: “B hizkia nire seme zaharrenaren izenagatik da, Bilegjargal. Star [izarra, ingelesez], aldiz, nire seme gazteenaren izena da. Od-Erdene da bera, izarra mongolieraz, alegia”.
Lokala, sei hilabetez geldirik
“Aspalditik nuen jatetxe bat irekitzeko gogoa”, kontatu du Sanjaajavek. Gipuzkoako Bazkundean bideragarritasun plana egin zuen iazko martxotik ekainera bitarte, eta Mongoliako eta Koreako janariak nahastuko zituen jatetxe bat irekitzea erabaki zuen. Lokala ekainean topatu zuen, baina paperak lortzeko zailtasunak medio, atzeratu behar izan zuen.
Abokatuak hainbat paper entregatu zituen, baina, tamalez, iaz hil egin zen. Paper horiek galdu egin ziren nonbait, eta beste sei hilabete itxaron behar izan zuen: “Lokala ordaintzen egon gara sei hilabetez, baina ezin genuen ireki, arrazoi horiengatik”. Edonola, “ondo-ondo” garbitzeko aprobetxatu zuten. La Barranquesa jatetxea izan zen aspaldi, baina lokala azken urteetan Circus izeneko after club bat izan da. “Izkina guztiak garbitu behar izan ditugu, baldosa guztiak banan-banan”, kontatzen du. Lokalaren sarbideko eskailera estuek apur bat oztopatzen dutela dirudien arren, jatetxe erakargarria egitea lortu dute.
Koreako janaria modan
Jatetxearen jatorriaz galdetu diogu: “Lagun asko ditut Donostian: nepaldarrak, ukrainarrak, mongoliarrak, espainiarrak, euskaldunak… eta etxera etortzean denek eskatzen zidaten janari mongoliarra egitea. Konturatu nintzen ingurukoei asko gustatzen zitzaiela. Eta horregatik animatu naiz”.
Lehen aldia du sukaldari lana egiten, baina ez jatetxean lanean. Ulan Batorren jatetxe batean kudeatzaile lanetan aritu zen eta. Mongoliako lagun bat da orain sukaldaria: “Korean egon zen bizitzen, eta ondoren Madrilen korear jatetxe batean lanean. Bera arduratzen da Koreako janariaz, eta ni Mongoliakoaz”.
Nepaldar lagun bat dator orain, eta bera izango da barraz arduratzen dena. “Helduentzako Helduen Hezkuntza Etengabean ezagutu genuen elkar (HHE), eta esperientzia handia du. Londresen egon da orain arte, eta orain Australian dago. Hilabete bukaeran etorriko da berriz ere Donostiara, eta orduan hasiko naiz ni sukaldean”.
Mongoliako janaria, beraz, datorren hilabetetik aurrera egongo da. Aurreratu ditu zeintzuk izango diren plater bereziak: tsuivan izeneko eskuz egindako pasta, haragia eta barazkiekin; ez dira faltako buuz famatuak: behi haragiz egindako enpanadillak, Georgiako khinkali, Japongo bao eta Italiako raviolien antzekoak; eta, batez ere, zopak: “Hemen ez dago ohitura handiegirik, baina gure bazkarietan ez da inoiz zoparik falta! Eta pikanteak izan daitezela!”.
Eta zer dela eta, Koreako janaria? Sanjaajavek kontatu digunez, Koreako kultura oso ezaguna ari da bihurtzen mendebaldean. Arrazoia? Hego Korearen ikus-entzunezko industria; “Netflix gisako plataformetan oso modan jartzen ari dira hango telesailak, eta hor jaten dena jan nahi dute mendebaldean. Soju edaria edo kimchi platera dira gehien eskatzen dituztenak”. K-Drama izenez ezagutzen da fenomenoa, eta K-Poparen moduan, mundu mailan ari da ezaguna egiten.
Harrera oso ona ari da izaten. Badira bizpahiru aldiz etorri direnak hilabetean: “Emakume bat astean bitan edo hirutan dator, pentsa! Bere mahaia du jada”.
Txekiatik Donostiara… autobusez
2014 amaieran iritsi zen Sanjaajav Donostiara. HHEn aritu zen ikasten, bai gaztelera eta baita bestelako ikastaroak ere. Hasieran Errenterian bizi zen, eta gero Ategorrietan, eta oinez joaten zen. Hori izan zen bere ikasteko modua: “Guk ez dugu etxean ikasteko ohiturarik. Oinez zoazenean, buruz errepasatzen duzu ikasitakoa, eta honela doa buruan gelditzen. Egunero urratsez urrats ikasten nuen”. Euskara apur bat ikasi zuten ere HHEn, baina “hitz batzuk” besterik ez dakizkiela aitortu du.
Mongolian, jatetxean egindako lanaz gain, mugako soldaduen bulego batean egin zuen lan Sanjaajevek: “Soldatak oso baxuak dira bertan, eta beste zerbait nahi nuen”. Lagun baten bidez ezagutu zuen Donostia, eta “zuzenean etorri nintzen hona”.
Tira, zuzenean esatea gehiegitxo da. Europako bisa lortzea oso zaila dute mongoliarrek, eta nola edo hala moldatu behar izan zuen: “Txekiar Errepublikara joan nintzen. Bertan, ezagun baten bidez, 2.500 euro pagatu nituen baimen bat lortzeko, eta horrekin etorri nintzen. Bartzelonaraino autobusez joan nintzen, 24 orduko bidaian, eta gero Donostiara, autobusez baita ere”. 2014ko abenduaren 29a zen.
Hiriak abegikor hartu zuela sentitzen du: “Donostia bizitzeko toki zoragarria izan da niretzat”. Hasieran, Igeldon egin zuen lan, Isabel izeneko emakume bat zaintzen: “Oso emakume zintzoa zen, baita bere seme-alabak ere. Orain nire proiektu berrian laguntzen ari dira”. Izan ere, jatetxeko produktu asko soilik Madrilen eros daitezke saltsa bereziak eta postreak, eta bertara joaten da tarteka semeetako bat.
Groseko Frantzia pasealekuan 90 urteko emakume alargun batekin egon zen lanean beste bost urtez: “Consuelo du izena, eta egun 96 urte ditu. Bere ilobekin harreman oso ona izan nuen, eta paperak lortzeko prozesuan asko lagundu zidaten”. Udan utzi zuen lana, jatetxean buru-belarri hasteko lanean.
Mongolia krisian
Sanjaajavek azaldu duenez, Mongoliako mugak itxita daude egun: “Albo batera, Txinarekin, koronabirusa dela-eta, eta beste aldera, Errusiarekin, gerra dela-eta”. Egoera berezian da egun herrialdea: “Gure herrialdea oso handia da, baina, gu, gu oso txikiak!”.
Ustelkeria kasuak aipatu ditu: “Diru asko lapurtu dute agintariek”. Hain zuzen, joan den abenduan, milaka manifestari bildu ziren Mongoliako Gobernuaren jauregiaren aurrean, Ulan Bator hiriburuan, 6,5 milioi tona ikatz lapurtu izana ikertzeko eta arduradunak auzipetzeko. Donostian ere, hainbat mongoliarrek protesta egin zuten udaletxe aurrean, euren herrikideekin elkartasunez.
“Ez naiz Mongoliara itzuli Donostiara iritsi nintzenetik”, kontatzen du Sanjaajavek. Semea botatzen du faltan gehien. Atzerritarren bulegoan semea berarekin ekartzeko baimena eskatu zuen, baina ukatu egin diote behin eta berriro. Koronabirusa zela-eta, muga itxita egon da, eta horrek dena atzeratu du. Intxaurrondon bizi da egun senarrarekin eta seme jaio berriarekin, eta ilusioz hitz egiten du bere bizi proiektua bihurtu den jatetxeaz: “Lehenbailehen ekarri nahi dut seme zaharrena. Oso ondo egin behar dut lan hemen, eta dena ondo badoa, gurekin izango da aurten!”.
![](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2023/01/amaikak-bat.jpg)
Donostian 300dik gora mongoliar bizi dira egun. Eta ez dira gutxi ere, Irunen eta inguruko herrietan bizi direnak. Euskal Herri osoan, mongoliar komunitate handiena dugu gurean. Baita, Espainia mailan ere. Irudian ikus daitekeenez, 2017an Donostiako Parte Zaharreko Amaikak Bat elkartean batu ziren urte berri mongoliarra ospatzeko: Tsagaan Sar jaia.
Sanjaajavek kontatu duenez, Mongoliako kulturak urte aldaketa, neguaren amaiera eta udaberriaren etorrera ospatzen ditu. Egunsentian, urteberriko tea partekatzen dute, eta, ondoren, senitartekoak edo pertsona garrantzitsuak agurtzen dituzte.
Otsailean ospatzen da urte berri eguna, eta, aurten, otsailaren 20an edo 21ean izango da –ilargi egutegiaren araberakoa da-eta–. «Hemengo Gabonen parekoa da, opariak egiten dizkiogu elkarri eta denak elkartzen saiatzen gara».
Janariak berebiziko garrantzia du festa honetan. Aipatu ditugun buuz eta zopez gain, arkume burua eskaintzen diete gonbidatuei. Bizkotxo berezi bat egiten da Kheviin Boov izenekoa: «Piramide bat egiten da, eta etxera datorren orori eskaintzen zaio. Zuk ere nahi baduzu etorri, eta eskainiko dizugu!».
Euskal Herrian bizi den mongoliar komunitatearen artean, elkartzeko ohitura handia dagoela azladu du: «Adibidez, saskibaloi txapelketak antolatzen dituzte. Baina ni ez naiz kiroletan oso ona, eta gainera oso lotsatia naiz, beraz ez naiz joaten!».
Lotsatia dela dio, baina pertsona alaia eta adeitsua da Sanjaajava. Bere izena Khadjidmaa da, eta donostiarrok ahoskatzeko zailtasunak ditugula azaldu digu. Lagundu egin digu: Jadxidma, edo holako zeozer. Ordea, badirudi ez dela nahiko, eta «jendea Jaia deitzen» hasi zaiola azaldu digu. «Jaia?», euskaraz zer ote den badakien galdetu diogu: «Bai, denek diote berdina! Jaia, festa!».