ETAk eraildako bi guardia zibil omendu ditu udalak
Plaka bana jarri du Donostiako Udalak Egian ETAk eraildako Juan Antonio Marcos Gonzalez eta Miguel Angel Iñigo Blanco guardia zibilen omenez. 1978an erail zituzten, Intxaurrondoko kuartela patruilatzen ari zirela. Gabriel Aresti pasealekua eta Ametzagaña etorbidea elkartzen diren tokian egongo dira plaka horiek aurrerantzean.
Omenaldi xumea egin dute, eta bertan izan dira Eneko Goia alkatea, udal taldeetako ordezkariak eta biktimen senideak. Plaken gainean lore sortak jarriz omendu dituzte Blanco eta Gonzalez.
Blanco Holgerakoa (Caceres, Espainia) zen, eta atentatuan bi bala jaso zituen garezurrean. Arantzazuko Andre Mariaren osasun egoitzara eraman zuten, eta sei egun geroago hil zen. Gonzalez, berriz, Llanesekoa (Asturias) zen, eta zenbait tiro jaso eta gutxira hil zen.
Hauekin 26 izango dira udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak.