Giro ederrean egin dute Antiguako jaietako kuadrillen bazkaria
Hirugarren asteburua dute Antiguako jaietan, eta festari amaiera eman aurretik, kuadrillen bazkaria egin dute gaur eguerdian Ibaetako frontoian. Txarangaren musikak lagunduta iritsi dira kuadrillak herri bazkarira, giro bikainean. Nahiz eta eguraldiak asko ez lagundu, kuadrillen umoreak eta soinean zeramatzaten koloretako blusek lortu dute egun grisari bizipoza ematea.
Paella erraldoiak prestatu dituzte frontoia bete duten lagunentzat, eta indarrak hartu ostean, Bizi DJ-arekin dantzatzeko aukera izango dute 18:00etatik aurrera, Ibaetako frontoitik bertatik abiatuta.
21:00etan, Lin Ton Taunen kontzertua eta Txikiren bakarrizketa izango dira Dokan, eta 23:00etan, Gabezin berbenarekin emango zaio amaiera gaurko egitarauari. Jaiak amaitzeko, bihar, Donostiako kantujira egingo dute 13:00ean. Jarraian, 13:30ean, Mikel Laboa bertso sariketa izango da Dokan, eta, azkenik, Porno antzezlana ikusi ahal izango da Lugaritz kultur etxean, 19:00etan.