La Sirena asteburu honetan ez irekitzeko arrazoietako bat turista talde batek egindako erreserba dela salatu dute
SOS Arrazakeriaren arabera, Donostiako Udalak aitortu berri du La Sirena asteburu honetan ez irekitzeko arrazoietako bat turista frantziar talde batek egindako erreserba dela. Garikoitz Agote Gizarte Ekintzako zuzendariak egin ditu adierazpenok.
Hau “eskandalua” dela adierazi du SOS Arrazakeriak. “Kontua da udalak turismo-erreserbari lehentasuna ematen diola premia larri baten aurrean, hau da, hotz-egoeretan kalean dauden pertsonak hartzeko izan behar duen baliabidearen aurrean”, salatu dute.
“Aitzakia” bat izateaz gain, behar hori asetzeko “borondate politikorik ez dutela ezkutatzeko” egiten dutela nabarmendu du SOS Arrazakeriak: “Izan ere, turista horiek, 30 bat, dirudienez, beste hotel batzuetan har dezakete ostatu, adibidez, UBAn, udalarena dena”.
Beraien ustez, argi dago udala herritarren eskariekiko “iragazgaitza” dela, baita herritarren osasuna bezalako “gai sentikorretan” ere. “Beharrezkoa da herritarren presioa handitzea eta beste administrazio-bide batzuek udalaren itxitasuna alda dezaketela aztertzea”, adierazi dute.
Horrekin batera, gaur eta datozen egun hotzetan La Sirena etxerik ez duten pertsonentzat zabaltzeko eskatu dute.