Amara kaleko etxe kaltetuak eraisten hasi dira
Donostiako Udalak iazko urrian adjudikatu zizkion Moyua enpresari Amara kaleko 11., 13. eta 17. zenbakietako etxeak eraisteko lanak. 408.000 euroko aurrekontua zehaztu zuten, eta obra bukatzeko hiru hilabete epea. Orduan, Eneko Goia alkateak iragarri zuen lanekin pasa den azaroan hasiko zirela, baina ez zen horrela izan. Azkenik, aste honetan abiatu dituzte eraisketa lanak, eta 13. zenbakiko eraikina botatzen hasi da Moyua enpresa.
Hiru eraikinak udal jabetzakoak dira, eta bere garaian Donostiako Udaltzaingoaren langile eta senideentzako izan ziren. Udal gobernuak 2020ko urriaren 27an hartu zuen hiru eraikinak hustu eta eraisteko erabakia. Udal teknikariek argudiatu zuten “egiturazko patologia larriak” zituztela. “Etxebizitza hauek konpontzeak ez du merezi. Garestiagoa da birgaitzea, bota eta berriz ere eraikitzea baino”, adierazi zuen Goiak.
Dena dela, bizilagun batzuek teknikarien txostenak kritikatu eta hainbat errekurtso jarri zituzten epaitegian. Gainera, arkitekto baten txostena aurkeztu zuten “frogatzeko” kalteek ez zutela eraikinen egituretan eragiten. Bizilagun horien ustez, etxeak ez zeuden “hondamendi egoeran”. Errekurtso horiek aztertu ahal izateko, epaileak eraisketa prozesua behin-behinean eten zuen. Halere, pasa den azaroan bertan behera utzi zuen neurria, eta eraisketa baimendu zuen.
Lursail horietan etxebizitzak egitea aurreikusten du udalak, baina ez dute argitu nolakoak izango diren. Hirigintza Saila proiektua lantzen ari da.