Merkear eremuko futbol zelaiaren proiektua onartu dute
Donostiako Udalak onartu du Altzako Merkear guneko kirol instalazioa aurrera eramateko proiektu eguneratua. Servicios Generales de Ingenieria Civil enpresak idatzi du proiektua, eta azken aurrekontua 5.989.655 eurokoa da. Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, kostua handitu egin da prezioen igoerarengatik. Izan ere, %35,43 garestitu da aurrekontua. 2023ko udal aurrekontuek 500.000 euroko diru zatia dute aipaturiko kirol gunea eraikitzeko. Era berean, 5,5 milioi euroko inbertsioa egitea espero dute 2024ean eta 2025ean.
Zaharkitua dagoen Herrerako futbol zelaia ordezkatuko du Merkear zonakoak. Futbolean ez ezik, errugbian aritzeko kirol instalazioa izango da. Herrerakoaren aldean, eremu babestuagoa dela adierazi du Goiak, eta erabilgarritasun aldetik ere egokiagoa izango dela. Kirol gunearekin batera, erabiltzaileentzako aparkaleku bat eraikiko dute.
Alkateak esan duenez, Herrerako zelaia udalaren jabetzakoa izango da hango kirol gunea Merkear eremura eramatean. Gaur egun, Gipuzkoako Futbol Federazioa da Herrerako futbol zelaiaren jabea. Udalak eurekin permuta bat adostuko du, eta Merkear guneko futbol zelaiaren ordez, Herrerako lursaila udalarentzat izango da.
Kirol instalazioa
Futbol zelai berriak 7.992 metro koadroko azalera izango du. Aldagela zerbitzuetarako eta harmailetarako eraikin osagarri bat ere eraikiko dute. Eraikin horrek sei aldagela, hainbat neurritako komun eta dutxekin, epaileentzako aldagelak, mantentze lanetarako eta kirol materiala gordetzeko biltegiak, kudeatzailearen bulegoa eta komun publikoak izango ditu. Harmailak estalitako 209 eserleku izango ditu.
Kirol guneko aparkalekuak 69 plaza izango ditu autoentzat –horietatik bi mugikortasun murriztua duten pertsonentzat izango dira–, eta beste hiru autobusentzat.