Poesia musikatuko diskoa kaleratuko dute Puy Barralek eta Manu Gaignek
Donostiako Puy Barral poetak eta Manu Gaigne musikariak, euren jakintzak batu, eta poesia musikatuen disko bat kaleratuko dute, datorren maiatzaren 27an. Horretarako, Verkami plataforman finantzaketa kolektiboa abiarazi dute, lana grabatu eta biniloan editatzeko.
2021eko ekainean argitaratu zuen Barralek AGUA, Huesos y Poesia liburua, eta “perkusioak poemekin batera egin zuen topo”. Hain zuzen, ordutik, Barralek eta Gaignek elkarrekin hainbat ikuskizun eskaini dituzte; bat ahotsez, eta bestea perkusioz, eta bestelako instrumentuez. Elkarlan horren emaitza hilezkortzeko asmotik grabatu dute disko hau Oiartzungo La Mecca estudioan.
Gaignek, bateria eta perkusioez gain, sintetizagailuak eta bestelako konponketak egin ditu, diskoak izango dituen hamabi piezetan. Musikan laguntzaile izan dituzte hainbat kantetan Karlos Aranzegi baterian, Manon Mullener pianoan eta Jacob Reguilon kontrabaxuan.
Finantzaketan parte hartuko duten pertsonek, biniloa, liburua eta kontzertu aurkezpenerako sarrerak izango dituzte eskuragarri, besteak beste. Hemen egin dezakezu ekarpena.