Udalak epailearen esku utzi du Arriolako ostatuaren irekiera
Basque Backers Urban Hostelari emandako lizentzia "kaltegarria" dela deklaratzeko espediente bat irekitzea onartu du udal gobernuak.
Epaitegietan erabakiko da Antiguako Arriola pasealekuko Basquepackers Urban Hostel aterpetxearen etorkizuna. “Epaileak esaten duenaren zain geratuko gara”, adierazi du Eneko Goiak alkateak, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsa agerraldian. Hau da, epaile batek ebatziko du Arriolako ostatuak berme guztiak betetzen dituen ireki ahal izateko. “Ez dugu nahi emandako lizentziari esker hastea jarduera, eta ondoren epaileak ebaztea ez dela legezkoa”, gaineratu du Goiak.
Joan den uztailean, udalak bertan behera utzi zuen lizentzia, Arriola pasealekuko 15., 17., 19. eta 21. zenbakietako bizilagunek hainbat kexa eta erreklamazio aurkeztu ondoren, baita obra baimena auzitegietara eraman ondoren ere. Geroago, aterpetxearen sustatzaileek bere garaian aurkeztu zituzten planoak okerrak zirela egiaztatu zuten, eta udalak erabaki zuen bizilagunen aurka auzitan ez sartzea, eta erabaki judizialaren zain gelditzea.
Une honetan, itxita dago Liderko enpresak eraikitako Basque Backers Urban Hostel ostatua. Booking atariak iragartzen duen arren, ohar bat ageri da erreserba egin nahi dutenentzat. Enpresak bost milioi inguru inbertitu zituen ostatuan, eta iazko uztailerako irekitzea aurreikusten zuten. Ordea, ez zuten udalaren baimenik jaso, eta hainbat hedabidetara jo zuten udalaren jarrera salatzeko. Enpresak dio ostatua irekitzea bermatzen duen aldeko lau txosten dituztela, eta horietako bat erabilera lizentzia da.