Villa Saliako obraren kontratua bertan behera utzi du udalak
Lanek denbora daramate geldirik; Murias eraikuntza enpresa da adjudikazioduna.
Eneko Goia alkateak gaur jakinarazi duenez, Egiako Villa Salia eraikineko obren kontratua eten du udal gobernuak. Alkateak gaineratu duenez, Murias enpresa adjudikaziodunak ez du bere egitekoa bete. Zehazki, obrak geldirik darama hainbat hilabete. Udalak 2021eko azaroan adjudikatu zuen kontratua 1.855.670 euroren truke.
Kontratua bertan behera uzteak, behin betiko bermea konfiskatzea dakar: 76.680 eurokoa da. Horrekin batera, Muriasek bost eguneko epea izango du ziurtatzeko lan eremuan ez dela inor sartuko, eta egindako lanak ez dituela inork kaltetuko. Hain zuzen ere, eraikuntza enpresak obra gelditzeko arrazoiak eman beharko ditu.
Jai Alai kaleko 17. zenbakian dago Villa Salia –1944. urtekoa da–, eta lanak 2021eko abenduaren 13an hasi ziren birgaitze lanekin. Proiektuaren helburua da eraikina zentro bihurtzea bi zerbitzu eskaintzeko. Batetik, eguneko zentroa izango da etxerik gabeko pertsonentzako. Bestetik, zaurgarritasun zein babesgabetasun egoeran dauden eta adingabean dituzten familiei arreta egiteko zentro espezializatua izango da.