Hirigintza Sailak logistika zentro handi bat baimendu nahi du Belartza Goikoan
Oiartzungo Udalak baztertu zuen Amazon enpresa erraldoiaren banaketa zentroa da aukeretako bat.
Hedabide honek 2021eko urrian iragarri zuen moduan, Donostiako Udalak logistika zentro handi bat baimendu nahi du Belartza Goikoa eremuan. Horretarako, Añorgako 210.000 metro koadroko lursailaren Plan Partzial bat onartu behar du udal gobernuak. Plan hori Saibigain XXI promotoreak sustaturikoa da, eta 2009. urtetik daramate udalarekin negoziatzen proiektua aurrera eramateko.
Logistika zentroak 102.395 metro koadroko azalera hartuko luke. Horrekin batera, zortzi solairuko hotel bat, gasolindegi bat, ostalaritzarako lursail bat, aparkaleku bat eta logistikarako bi pabiloi (32.000 eta 14.000 metro koadrokoak) eraikitzea aurreikusten du Plan Partzialak.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak atzo jakinarazi zuenez, Donostiako Udaleko Hirigintza Sailak dagoeneko badu proiektuari aurkezturiko alegazioei erantzuteko txostena. Hainbat dira Plan Partzialaren aurka alegazioak aurkeztu dituzten elkarteak: Dendartean merkatarien elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Añorga Txikitarrak auzo elkartea eta Añorga Kultur eta Kirol Elkartea (AKKE), besteak beste.
Plan Partziala prest du Hirigintza Sailak udalbatzarrera eramateko, eta han eman beharko diote behin betiko onarpena. Hori gertatu ez dadin, Dendartean elkarteak epaitegietara joko du planaren tramitazioa gelditzeko.
Harri betelan ilegala
Belartza Goikoa eremuko Plan Partzialak lotura zuzena du 2016ean eremu horretan egindako harri betelan ilegalarekin. Valeriano Urrutikoetxea enpresak egin zuen isurketa, udalak horretarako baimena eman ostean. Haritzaldek betelana epaitegietara eraman zuen, eta EAEko Justizia Auzitegiak arrazoia eman zion talde ekologistari 2019an. Isurketa ilegala zela ebatzi, eta enpresa eta udala zigortu zituen.
Ordutik, Haritzaldek behin eta berriz eskatu du epaia betetzeko edo betearazteko. Hasiera batean, udalak Valeriano Urrutikoetxea enpresari agindu zion Belartza Goikoa eremua lehengoratzeko eta harriak erretiratzeko. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak hainbatetan adierazi zuen kontratua prestatzen ari zirela Belartzako betelana kentzeko. Ordea, ez da horrelakorik gertatu. Azkenean, enpresak harriak kentzeko asmoa iragarri zuen, baina Haritzaldek ohartarazi duenez, harri gutxi batzuk kendu zituzten urtarrilaren 10etik 13ra. Horrela, isurketak leku berean jarraitzen du.