AHTaren bidez Donostiatik Bilbora eta Gasteizera 39 minutuan iritsi ahal izango da
Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak AHTaren maiztasunen eta bidaia iraupenen inguruko informazioa argitaratu du. Dokumentu horren arabera, Donostia, Bilbo eta Gasteiz hiriburuen arteko tren bidaia denbora 39 minutukoa izango da, orduko 250 kilometroko gehieneko abiaduran.
Era berean, AHTk lanegun bakoitzean hamabi bidaia aurreikusten ditu Donostiatik Bilbora, hamar Iruñera eta bederatzi Gasteizera. Distantzia luzeko bidaiei dagokienez, AHTak zazpi tren bidaia egingo ditu Donostiatik Madrilera. Bidaiaren iraupena bi ordu eta erdikoa izango dela dio dokumentuak. Horrez gain, eguneko hiru bidaia aurreikusten dira Donostiatik Bartzelonara, bat Galiziara eta beste bat Parisera (Frantzia).
Tren konexio horiek egiteko epea 2030ean kokatzen du aipaturiko dokumentuak. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, AHTa 2026aren bukaerarako edo 2027aren hasierarako prest egongo da.