"Añorga Txikiko auzotarren bizitza sakrifikatu nahi du udalak"
Atxiki Añorga mugimenduak jakinarazi du Donostiako Udalak eraikuntza enpresaren asmoa lehenetsi eta etxebizitzak egingo dituela.
Añorgako giza kate bat. Atxiki Añorga Urtarrilaren 17an bilera bat egin zuten Donostiako Udaleko ordezkariek eta Añorgako hainbat elkartek. Udalak deitu zuen bilkura iazko uztaileko batzarrean auzotarrek esandakoari erantzuna emateko. Horren inguruko oharra plazaratu du Atxiki Añorga mugimenduak, eta udalaren jarrera kritikatu dute.
“Masifikazio arazoaren aurrean, ez dute ezer egingo. Espazio faltaren arazoaren aurrean, ez dute ezer egingo. Auzokideen eta bereziki ume eta pertsona zaharrak auzotik mugitzeko proiektuak ekarriko duen arazoen aurrean, ez dute ezer egingo. Ikastolako espazio faltaren aurrean, ez dute ezer egingo. Zirkulazio arazoaren aurrean, ez dute ezer egingo. Eta aparkaleku arazoaren aurrean, udalak ondorengoa esan digu: 18:000 euroren truke garaje plaza bat erosteko aukera egongo dela”, azaldu dute.
Atxiki Añorgak euren haserrea adierazi zien udal ordezkariei, eta “harrigarriena” gertatu zela nabarmendu dute: “Udalak arrazoia dugula esan zigun. Guk deskribatutako arazoak errealak direla eta areagotuko direla”. Dena dela, “larriena” ondorengoa dela gaineratu dute: “Udalak Añorga Txiki auzoaren bizigarritasuna sakrifikatuko du, auzokideek plazaratutako arazoei muzin eginez. Eraikuntza enpresari aurretik onartutako negozio eskubidea lehenesten du udalak”. Ondorioz, udalak 250 etxebizitza inguru eraikitzeko asmoari eusten dio Añorga Txikin. “Hurrengo pausoak emateko intentzioa dute, eta hori maiatzeko udal hauteskundeen aurretik egin nahi dute”, salatu dute.
Horiek horrela, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri du Añorga Atxiki mugimenduak. Hilaren 25ean manifestazioa egingo dute Añorgatik udaletxe aurreraino.


