'Bizi ala iraun' kontzertu ziklo berria egingo dute Tabakalerako Kluba aretoan
Kutxa Fundazioak musika ziklo berri bat abiaraziko du: Bizi ala iraun, “benetakotasunaren, gure nortasunaren bilaketaren eta horren balio edo garrantzia nabarmentzearen aldeko oihua; sustraietara eta tokiko erreferenteak, gaur egungo soinuekin nahasten direnak, bilatzera egiten den bidaia”. Bederatzi kontzertuk osatzen dute zikloaren lehen edizio hau, eta 21:00etan, Kluba aretoan, Tabakalerako lehen solairuan, izango dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude 8 eta 10 euroan.
Bizi ala iraun otsailaren 24an hasiko da Maralarekin; Selma Bruna (Sant Cugat), Clara Fiol (Palma) eta Sandra Monfortek (Pedreguer) osatzen dute taldea. Joan den udazkenean, Jota de morir disko berria aurkeztu zuten, heriotzari egindako kantu desmitifikatzailea bizitzan integratzeko. Biharamunean, otsailaren 25ean, Maria de la Flor, musika tradizionalak duen balioa aldarrikatzen duena, eta Habia hirukotea igoko dira Klubako agertokira.
Martxoaren 4an, Asturiastik etorritako Llevólu´l Sumiciuren, eta CRNDSen (Alberto Cernadasen proiektua) emanaldiak izango dira. Martxoaren 10ean, Mäirü; eta 17an, Sheila Patricia kantautorea eta LaMontagne & PicoAmperiok osatutako bikotea. Apirilean, Carmen Xía cadiztarra igoko da oholtzara, folkloreak eta erritmo urbanoek bat egiten duten proiektuarekin; 22an Yamila kantari, konpositore eta biolontxelo-jotzailea; eta 28an La Plazuela, jatorriz Granadakoa den flamenkoa berrasmatu duen taldea.
Maiatzaren 6an, Amorantek eta Los Sara Fontánek bat egingo dute, modu militantean soinua erdian jarriko duen ikuskizunean. Zikloa maiatzaren 12an amaituko da, Alba Morenarekin. Lan berria 2023aren amaieran aurkeztuko du Morenak, baina aurrerapen bat izango da kontzertu honetan. Eta bertan izango da Olaia Inziarte ere. Haren lehenengo lanak, Lehengo lepotikan burua, harrera ezin hobea izan du euskal musikaren unibertsoan.