Loiolako kuartelak Ogasun Ministerioaren esku daude orain
Loiolako kuartelak. Joseba Parron San Sebastian Espainiako Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelak lursail militar gisa desafektatu ditu, eta Ogasun Ministerioaren esku dago orain eremuaren kudeaketa. Udalak kuartelak erosteko eman beharreko pauso bat da hori, eta, horregatik, pozik agertu zen Eneko Goia alkatea asteartean.
Alkateak gaineratu zuen “behin eta berriz” ari direla deitzen Espainiako Gobernuari, kuartelen salerosketa prozesua zein egoeratan dagoen jakiteko. Izan ere, iazko azaroan jakinarazi zuen udalak akordioa lortu zuela Espainiako Gobernuarekin, kuartelak udalaren eskuetara pasatzeko.
Udalak 73,3 milioi euro ordainduko ditu, eta 17,5 hektareako eremua eskuratuko du, baita Uliako beste sei hektareako eremu bat ere. Kuartelen lursailean 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak, besteak beste. Salerosketa sinatzen dutenean, udalak bost milioi euro ordaindu beharko dizkio Ogasun Ministerioari, eta aurrerago ordainduko du gainontzekoa.


