Pasealeku Berria erabat itxita egongo da ekainera arte
Urgull mendiaren hegala egonkortzeko obrak hasiko direnez, otsailaren 6tik aurrera, Pasealeku Berria itxita egongo da oinezkoentzat eta ibilgailuentzat. Lanek ekainera arte iraungo dute.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, “segurtasun arrazoiak direla eta itxi behar da”; izan ere, azken hilabeteetan luizi batzuk izan dira, eta hormigoizko horma bat jarri behar izan da babes neurri gisa. Obra bi ataletan banatu dute. Batetik, horma egonkortu dute kable bidezko ainguraketa iraunkor baten bidez. Bestetik, buloiez ainguratutako sare indartu bat jarriko dute, Pasealeku berrira harri zati txikiak eror ez daitezen.Horrez gain, kalte nabarmenak dituzten bi kontrahorma konpontzea aurreikusten dute, baita harri zati handien ainguraketa puntuala ere.
726.000 euroko aurrekontua dute obrek.