"Atzera begiratu gabe eman nuen pauso hau"
Abenduaren 17an inauguratu zuen Ione Iruretagoiena moda diseinatzaileak (Zubieta, 1996) bere izena daraman denda, Morlans pasealekuko 12. zenbakian. Egunerokotasunean erabiltzeko moduko arropak egiten ditu, baina baita ezkongaientzako eta gonbidatuentzako jantziak ere. Bere dendaz arduratzeaz gain, Usurbilen joskintza ikastaroak ematen ditu, eta martxotik aurrera bere dendan ere hasi nahi du jendeari josten irakasten.

Moda diseinatzailea zara. Betidanik gustatzen al zaizu moda mundua?
Bai, egia esan, oso garbi neukan moda diseinatzailea izan nahi nuela. Diseinatzaile batzuek esaten dute beraien amonek josten zutelako hasi zirela beraiek ere, baina nire kasuan ez zen horrela izan. Nire amonak ere josten zuen, baina ez da batera egiten nuen zerbait. Hala ere, txikitatik oso garbi neukan moda diseinatzailea izan nahi nuela, eta nahigabe bide hori hartu nuen.
Zein ikasketa dituzu?
Zurriolan batxilergo artistikoa egin nuen; gero Bartzelonara joan nintzen, eta bertan Moda Diseinua ikasi nuen, Felicidad Dulce unibertsitatean. Oso ikasketa praktikoak dira, lehenengo urtean Artearen Historia eta horrelako ikasgaiak ematen dira, baina hasieratik hasten zara etengabe josten. Egia esan, lau urteko ikasketa horiek amaitzen dituzunerako gauza pila bat egiten dakizu, eta Bartzelonatik itzuli nintzenean, nire markarekin hasi nintzen lanean.
Nola hasi zinen zure marka garatzen?
Ikasketak egiten ari nintzenean, Moda Diseinua ikasten ari ginen hiru pertsona bizi ginen Bartzelonako etxean. Hasieran, Soia marka egiten hasi ginen hirurok, eta poltsak, turbanteak, motxilak eta horrelako gauzak diseinatzen genituen. Bakoitza maila desberdin batean zegoen, eta banaka ikasketak amaitzen joan ginen. Hona itzuli ginenean, hiruron proiektua desegin egin zen, eta nire marka propioa sortzea erabaki nuen. Kamisetak, jertseak eta horrelakoak egiten hasi nintzen, eta orain jantziak neurrira egiten hasi naiz. Eskaeren arabera joan naiz dena egiten.
Nolako produktuak diseinatzen dituzu gaur egun?
Street style moduko linea bat daukat, normalean stockean ditudan produktuekin: kamisetak, jertseak eta poltsak, besteak beste. Horiek dendan izaten ditut, jendeak ikus ditzan. Horrez gain, neurrira egiten ditut ezkongaien eta gonbidatuen jantziak. Horiek egitea gustatzen zait gehien, baina lan hori pixkanaka etortzen joaten denez, bitartean, dendan edukitzeko gauzak egiten joaten naiz.
Horrez gain, josteko tailerrak ematen ditut Usurbilen duela hiru urtetik, eta orain, martxotik aurrera, tailer horiek hemen martxan jartzea da nire asmoa.
Zergatik erabaki zenuen Donostian denda bat zabaltzea?
Ez nuen uste hain azkar nire denda propioa zabalduko nuenik. Berrogeialdian etxean nengoen, eta ezin nuen ezer egin: ez neurrira egindako jantzirik eta ezta beste ezer ere. Beraz, amak esan zidan hori guztia bukatzen zenean denda bat zabalduko genuela. Berak asko animatu ninduen, izan ere, ile apaindegi bat du Zarautzen, eta beti automoa izan denez, ni ere horretara animatu ninduen. Ni ere beti izan naiz gauzak egiten joatekoa, eta atzera begiratu gabe erabaki nuen pauso hau ematea. Jendeak esaten zidan pandemia ostean enpresa denak ixten ari zirela, eta guk irekitzen bagenuen agian gaizki aterako zela. Nik, hala ere, argi nuen denda zabalduko nuela, eta gaizki ateraz gero, nolabait hortik ateratzea lortuko nuela.
Morlansen zabaldu duzu denda, baina auzoan ez dago merkataritza establezimendu asko. Nola ikusten duzu auzoa?
Niri Morlansen denda jartzea egokia iruditzen zait. Ez nuen Erdialdean egon nahi, jende pila bat dendan sartzen eta ateratzen ibiltzeko. Nik egiten ditudan produktuak ez dira 5 edo 15 euroko kamisetak, aldi berean mordoa erosten diren horietakoak. Stockean izaten ditudan kamisetak pertsonalizatuak izaten dira normalean. Jendeak probatu egiten ditu, eta zein tamaina, kolore eta itxurakoak nahi dituen esaten dit. Nik egiten ditudanez, pertsonalizatu egiten ditut. Beraz, ez zait iruditzen Erdialdean jartzeko moduko denda bat denik. Neurrira egiteko arropei dagokienez ere, hitzordua hartuta etortzen dira bezeroak. Beraz, oso egokia da Morlansen egotea. Orion bizi naiz, eta berehala iristen naiz dendara. Morlansen denda asko ez badago ere, Donostian leku oso irisgarrian dago denda, eta beti izaten dut autoa aparkatzeko lekua. Beraz, zoragarria da.
Zer da gehien saltzen duzuna?
Egunerokotasunean erabiltzeko gauzak. Askotan, merkatuak egiten ditut, eta pila bat saltzen dira horiek. Jertseak, adibidez, egunerokotasunean erabiltzeko oso jantzi errazak dira. Kotoi organikoarekin egindakoak dira, oso kalitate onekoak. Normalean jendeari hain erosoak eta goxoak iruditzen zaizkionez, bezeroek errepikatu egiten dute. Egia esan, urte osoan zehar saltzen diren produktuak dira.
Zein material erabiltzen dituzu?
Aipatu bezala, kamisetak eta jertseak %100 kotoi organikozkoak dira. Nik slow fashion gisa ezagutzen dena ekoizten dut, nik neuk ekoizten dudalako, baina material denak ez dira %100 naturalak, poliesterrak eta denetarik erabiltzen dudalako. Jendearen gustuen eta aurrekontuaren arabera, materialak merkeagoak edo garestiagoak izan daitezke. Beraz, denetarik erabiltzen dut.
Ezkongaientzako soinekoak ere egiten dituzu. Nolakoa da prozesu hori?
Bezeroa etortzen denean, lehenengo fasean, bere ideia azaltzen dit. Hor ikusten dugu ea bateragarriak garen, edo bere ideiak nik egiten ditudan diseinuen antzekoak diren. Normalean bai, jendeak aldez aurretik begiratzen baitu diseinatzailearen estiloa nolakoa den. Beraz, lehenengo, ideia jasa bat egiten dugu ideia guztiekin, eta nik eskuz diseinatzen dut bezeroak ikusteko ea elkar ulertu dugun.
Gustatzen bazaio, bigarren fasera pasatzen gara, neurriak hartzen dizkiot, eta bere ideiak islatzen dira lehenengo eredu batean. Horretarako, tela merke bat erabiltzen dut, eta soinekoari aukeratu dugun forma ematen diot. Eredu horretan aldaketak egiten joaten gara, eta gustatzen zaionean, benetako telara pasatzen hasten gara. Azken fasean, neurri guztiak ondo ditugunean, ezkontzako benetako soinekoa osatzen dugu.
Orokorrean, zein profiletakoak dira zure bezeroak?
Denetarik dago. Esango nuke normalean nahiko bezero ausartak ditudala, nire estiloa ez delako oso kasuala. Donostian ezkontzetarako oraindik nahiko soineko klasikoak erabiltzen dituzte, ez dago, esaterako, Bartzelonan duten ausardia hori. Nik, adibidez, gorria asko erabiltzen dut, eta Getariako Balentziaga Museoan egin nuen desfileko azken bilduma gorria eta zuria zen. Jendea oraindik ez da ausartu horrelako jantziak aukeratzera, baina, egia esan, soinekoen formak aldatzen dira kasu batetik bestera. Bezero bakoitzaren gustuetara moldatu behar izaten dut, noski.
Moda munduan zure lekua eginda duzula esango zenuke?
Nik nahiko nukeen lekua bai behintzat. Hauxe nahi nuen, jendeak pixka bat nire lana ezagutzea, eta pixkanaka jendea etortzen hastea. Egia esan, ez dut behar bezero pila bat izatea, nik bakarrik egiten dudalako lan, eta ezingo nukeelako lana aurrera eraman. Baina sekula geldirik egon ez naizenez, lortu dut nahi nuen lekua edukitzea.