Belartza Goikoan logistika zentro handi bat baimendu nahi du udalak
Hirigintza Sailak logistika zentro handi bat baimendu nahi du Belartza Goikoa eremuan. Horretarako, Añorgako 210.000 metro koadroko lursailaren Plan Partzial bat onartu behar du udal gobernuak. Plan hori Saibigain XXI promotoreak sustaturikoa da, eta 2009. urtetik daramate udalarekin negoziatzen proiektua aurrera eramateko.
Logistika zentroak 102.395 metro koadroko azalera hartuko luke. Horrekin batera, zortzi solairuko hotel bat, gasolindegi bat, ostalaritzarako lursail bat, aparkaleku bat eta logistikarako bi pabiloi (32.000 eta 14.000 metro koadrokoak) eraikitzea aurreikusten du Plan Partzialak. Udalak dagoeneko badu proiektuari aurkezturiko alegazioei erantzuteko txostena. Hainbat dira Plan Partzialaren aurka alegazioak aurkeztu dituzten elkarteak: Dendartean merkatarien elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Añorga Txikitarrak auzo elkartea eta Añorga Kultur eta Kirol Elkartea (AKKE), besteak beste.
Plan Partziala udalbatzarrera eraman nahi du udal gobernuak behin betiko onarpena emateko. Hori gertatu ez dadin, Dendartean elkarteak auzitara joko du planaren tramitazioa gelditzeko. Bitartean, Belartza Goikoa harri betelan ilegalak leku berean jarraitzen du.