"Musika tradizionalak ez du museoko pieza bat izan behar"
Galizian sortua eta Galiziako erroetatik abiatua, Donostian landatu du bere lehen lana Antia Muiño abeslariak (Santiago de Compostela, Galizia, 1992). 'Carta Aberta' du izena albumak (Raso Estudio, 2022) eta lanari izena ematen dion kantak milioitik gora erreprodukzio ditu Spotifyn. Hain zuzen, plataforma honek Espainiako emakume musikarien zerrendako lehen postuan jarri zuen, Muiñoren aurpegia New Yorkera eramanez. Zenbakiez harago, musikari eskainitako bizitza baten emaitza da 'Carta Aberta': tradizioaren iturri zaharretik edaten, beti berria den ura.
Zure lehen lana izugarrizko oihartzuna izaten ari da, Galiziako Martin Codax Artista Hasiberri Onenaren saria irabaziz, besteak beste.
Interes handia dagoela ikusten ari naiz, prentsan adibidez, eta Spotify gisako plataformetan baita ere. Ikusi beharko da horrek zer isla duen kontzertuetan, hori da niri gehien interesatzen zaidana, azken finean hori da musika egiteko modurik errealena, zintzoena, eta adierazi ahal izatea eta komunikatu ahal izatea, eta ez mugikorraren bitartez. Horrela ulertzen du nik behintzat. Egia esan, horren proiektu txikia izanda, ikusgarritasun handia izaten ari da, eta aurrera begira esperantza ematen dit.
Baina zu Euskal Herrian bizi zara. Nola bizi duzu hemendik?
Bitxia da. Hemen bizitza bat daukat, eta Galiziara noa, eta beste bizitza bat dut. Hemen ez dut asko jotzen gehiago jo nahiko nuke, Galiziako eszenaren parte naizelako. Bitxia izateaz gain, nekeza ere bada. Han ditugun kontzertuetara autoz joaten gara, eta luze egiten da azkenean. Etorkizunean itzultzea gustatuko litzaidake, baina oraingoz gustura nago Donostian bizitzen.
Zer dela eta etorri zinen Donostiara bizitzera?
Musikenera etorri nintzen gitarra ikastera, eta, amaitzean, Hondarribiko musika eskolan hasi nintzen lanean. Karrerako lau urteak, gehi beste lau, tonto-tonto zortzi urte daramat Donostian bizitzen. Asko maite dut hiria, eta gaur bezalako egun euritsuek etxean sentiarazten naute [barrez].
Musikari moduan, zer harreman duzu hiriarekin?
Hori jada zailagoa egiten zait; ez dago aukera gehiegirik jotzeko orduan. Altxerri, Dabadaba eta gisako aretoak daude, eta gero Kursaala, Viktoria Eugenia eta abar. Ez dut ikusten eferbeszentzia handiegirik, eta horrek nahikotxo zailtzen du guztia. Hiri txiki bat denez, ez dituzu beste lekuetan dauden gauzak topatuko.
Euskal Herrian ari zarete?
Ez gehiegi. Oraingoz ez dugu hemen mugituko gaituen ordezkaririk. Bestetik, eszena oso itxiak direla ikusten dut: oso zaila da sartzea. Batean sartzen bazara, zaila da beste batean mugitzea. Hori berdin gertatzen da bai Galizian eta baita Euskal Herrian ere. Generoekin zer ikusia du: jazz jaialdi batzuk oso jazz-jazz dira, eta hor ez bazaituzte sartzen zaila da zirkuitu horietan aritzea.
2020an Katapulta Tour programan izan ginen oso garrantzitsua izan zen niretzat programa hori. Horri esker aritu nintzen Jazzaldian, Azpeitiako San Agustinen eta Atlantikaldian, Errenterian. Oso leku guay-ak, batez ere hasten ari zarenean. Proiektuaren lehen kontzertuak Euskal Herrian eman nituen, eta horrek garrantzia handia izan du niretzat; nire musikak harrera oso ona izan zuen.
Nola izan zen konposaketa prozesua? Nabari da kantek heldutasun prozesu bat izan dutela.
Azken urteetan egin dudan guztiaren bilduma izan da. Kanta gehienak zuzenean asko jo ditut, eta jotzen nituen heinean aldatzen joan gara. Kantekin egindako esperimentazio lan bat izan da, eta erosoen sentiarazten nautenekin geratu naiz. Askotan jendeak estudioan egiten du lan, eta gero hori darama zuzenekoetara. Niri gustatzen zait aldez aurretik testatzea; zerk funtzionatzen duen, zerk ez, zerk sentiarazten nauen eroso… Honela modu natural eta organikoan egin dugu lan.
Zer bilatu duzu lan honetan?
Soinu naturala bilatzen nuen, oso minimalista, beroa… zuzeneko baten modukoa. Hurbiltasuna erakutsi nahi nuen, hori oso argi nuen. Zuzenean, adibidez, pedal batzuk erabiltzen ditu Miguel saxofoi jotzaileak. Canta minha compañeira-n saxoa eta ahotsa bakarrik daude, eta esan nion efekturik gabe grabatzeko; akustikoa ehuneko ehun. Hori ere beharrezkoa delako baita ere, ezta? Behar da musika organikoa.
Originaltasun hori bilatzen dut. Ez dut esan nahi nik egiten dudana apurtzailea denik, baina saiatzen naiz nire ahots propioa bilatzen. Arriskua dago bestela denok elkarren antza izateko: industria batean sartzen zara, merkatu batean, eta zure musikak produktu izaten amaitzen du. Parametro eta estandar horietatik urruntzea zaila da askotan. Zuk zeuk ere galdera horiek egiten dituzu: honek funtzionatuko al du? Ez dut entzuten hortik…
Baiuca elektronika musikari ezagunak abesten du ere ‘Canta minha compañeira’.
Oso kanta ezaguna da Galizian. Imajinarioaren parte dira. Uste dut Carlos Nuñezek kaleratu zuela lehen aldiz, 1991n edo. Xavier Diaz musikari tradizional eta ikertzaileak jaso zuen. 1990eko hamarkadan boom moduko bat egon zen, jendea etxez etxe ibili zen kanta tradizionalak biltzen, amonengandik batez ere. Galizian kanta mordoa dago, ondo gorde direlako, eta jende hari esker, gaur egun izugarrizko material mordoa dugu, zoratzeko modukoa.
Nik kanta ezagutzen dut txikitan pandereteira eta cantareira talde batean egon nintzelako, eta hau zen gehien hunkitzen ninduen kantetako bat. Txikitan esaten zidatenean zerbait abesteko hau abesten nuen a capella. Osagai emozional oso indartsu bat du niretzat musika tradizionalak, asko mugiarazten nau. Eta ikusten dut asko mugitzen duela, abesten dudanean, berdin du Galizian edo Euskal Herrian. Hemen ere ikusten dut jendeari asko iristen zaiola. Ez dakit zergatik, musika tradizionalak badu naturaltasun bat jendeari heldu egiten zaiona. Ez dago barrerarik, eta hori da hunkiarazten duena.
J.A. Artzeren poemaren antzera [«Iturri zaharretik edaten dut / beti berria den ura»], tradiziora itzultzeko moda bat al dago?
Niretzat jakintza kolektibotik jasotzen da zurea ere baden zerbait. Denboran atzera egin, eta nolabait zurea ere baden zerbait jasotzen duzu: zure kultura zure identitatearen parte delako. Nire kasuan parte handia esango nuke. Oso polita da hori.
Berrinterpretatzea oso garrantzitsua dela uste dut. Ez bakarrik birproduzitzeko, baizik eta hartu, eta garai berrietara egokitzeko gaitasuna. Hori da bide bakarra ura geratu eta usteldu ez dadin. Musika tradizionalak ez du izan behar museoko pieza bat; bizirik egon behar du. Eta zer hoberik interesatzen zaizuna hartu —izan melodia bat, cantiga bat edo kopla bat—, eta zure eremura eramatea baino. Hori da herri tradizioko musikaren balioa.
Desberdinduko zenituzke folklorea eta musika tradizionala?
Badago purista den jendea: «Hau beti egin da horrela». Eta nik diot: beti… noiztik? 1960tik, 1990etik? Musika tradizionala beti da berrinterpretazio bat. Guk ezagutzen duguna da duela urte batzuk sortutakoa, ez duela mende bat egiten zena, edo urrunagokoa. Eztabaida hori ez zait bereziki interesatzen, egia esan.
Gertatu daiteke oinarria ulertu gabe berreskuratzea?
Bai noski, baina tira, garrantzitsuagoa da egiten jarraitzea. Errespetatu behar da nork transmititu digun eta ezagutu. Baldin badakizu nor den Maurizia, eta nondik datorren, beste tinbre batekin abestu nahi baduzu, egin ezazu. Ez dut uste Mauriziak izugarrizko kontzientzia izango zuenik honela edo horrela abestearen inguruan. Berak, Galiziako emakumeen antzera, musika modu naturalean biziko zuen, bizitza ospatzeko, eta abesteko modua «berezkoa» zuten. Guk, gure begiekin,musikologiaren perspektibatik aztertzen dugu, baina zintzoki, beste tinbre batekin egin nahi baduzu, aurrera.
Galiziar musikak ba al du berezkoa zaion zerbait?
Galiziakoak ez diren musikariek muiñeira asko maite dute, erritmo bereizgarri bat da. Ni ez naiz aditua gaian, baina ikusten dudana da eta kanpotik honela diote ere, modu oso naturalean bizi dela, jendeak abesten du eta dantzatzen du folklore jaialdietatik harago. Foliada delako folk jaialdietan jende gazteak dantzatzen du, izan gabe halako aldarrikapen bat-edo. Musika tradizionalak asko hunkitzen du; pandereta ateratzen dudanean, jendeak asko bizi du.
‘Pandereteira’ izan zinen, beraz?
Kanta batzuk panderoarekin egiten ditut, bai. Nire ikasketak beste norabide batetik eraman ditudan arren, txikitatik jaso dudanez, DNA-n dudala sentitzen dut. Panderoarekin ez naiz batere birtuosoa, baina jotzen dudan guztia oso naturalki ateratzen zait. Nire parte da.
Etxean musika asko entzun izan da, autoan, kaseteekin eta abar. Kanta guztiak buruz ikasten nituen, eta harrigarria da, oraindik gogoratzen naiz! Haurrak musikarekin estimulatzea, egiten utziz, oso garrantzitsua dela uste dut.
Erreferente zehatzik baduzu?
Asko kostatzen zait. Hainbeste musika entzun dut, ez dagoela bat bakarra. Rita Payesek egiten duena asko maite dut bere amarekin duen diskoa, adibidez; Silvia Perez Cruz beti da erreferentzia on bat. Latinoamerikako folkloretik ere edan dut: Caetano Veloso, Silvio Rodriguez, Victor Jara, Ana Belen… Oso moldaerreza naiz, eta eroso sentitzen naiz bestelako eremuetan. Baiucarekin aritu naiz elektronika kontzertu batean, jazza maite dut… Oraingoz, nire bidea topatu dut, baina aurrerago auskalo nora joango naizen.
Argi zenuen musika izango zenuela ogibide?
Inola ere ez. Beti egon naiz musikari estuki lotuta, baina hasieran ez nuen uste honetaz biziko nintzenik. Kontserbatorioan ikasi nuen, eta ziklo osoa egin nuen, baina oso zaila ikusten nuen hortaz bizitzea. Irakaskuntza agian bai, baina %100 kontzertuez? Gaur egun oraindik ez dut ikusten egingarri. Prekarietatearen sintoma bat da.
Izatez, zuzenbidea ikasi nuen lehenago. Santiagon egin nuen kontserbatorioa, eta karrera amaitzerakoan hartu nuen Musikenera etortzeko erabakia. Oso erabaki graduala izan zen.
Galiziako olatu berriaren erreferente den Raso Estudio zigiluarekin kaleratu duzu.
Galiziar musikatik haragoko zigilu bat da. Folklorea eta elektronika uztartzen dituzten proiektuak badaude —Ruiseñora edo Baiuca, adibidez—, baina besterik ere bada. Deitu egin zidaten, eta orduantxe grabatu nuen Carta Aberta, eta pentsatu nuen, zergatik ez? Nirea da zigiluko talderik akustikoena.
Hurrengo diskoan pentsatzen?
Bai, noski. Askotan jendeak nekatuta bukatzen du estudioaz, baina nire kasuan ezberdina da. Zuzenekoetan asko jo ondoren, beste patxada bat dut orain, eta aurrera begira pentsatzen jar naiteke. Kanta berriak jada jo izan ditugu eta horiei forma emateko gogoz naiz. Ez dakit zein formatutan. Egun, asko eramaten da EP-a edo singlea, baina ni ez nago erabat ados horrekin, nahiago izaten dut osotasuna izango duen formatu bat.
Zer garrantzia du hizkuntzak zure musikan?
Asko pentsatu dut honen inguruan, asko galdetzen didatelako zergatik. Zergatik galizieraz, zergatik gazteleraz… Niretzat naturala da, eta nire identitatearen parte oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Konposatzen hasi nintzenean ez nion nire buruari galdetu. Horrek ez du esan nahi beste hizkuntzetan abestu ezin dudanik. Gaztelera hizkuntza naturala da niretzat eta euskaraz abestea gustatuko litzaidake, oxala! —badut sehaska kanta bat agian egun batean…—.
Hizkuntzak kodeak dira, eta badute bere konponente soziologikoa, batez ere, hizkuntza gutxituen kasuan: galizieraz abestea konpromiso politikoa da hein batean. Borroka eta defentsa lan batekin lotuta dago. Galiziera normalizatua balego ez lituzke konnotazio hauek edukiko. Lehen aldiz Galiziako historian, galiziar hiztun kopurua gaztelerazkoa baino txikiagoa da. Azken inkestan %50etik jaitsi da. Arazo handi baten aurrean gaude, hiztunak galtzen ari gara; hizkuntza bat hiltzen uzten ari dira. Galizieraz abestea, galizieraz komunikatzea, garrantzitsua da, ikusarazteko modu bat delako.