San Bartolome barrutik hustuko dute merkataritza zentro bat jartzeko
Proiektuarekiko kontrakotasuna ugaritu arren, EAJk eta PSE-EEk aurrera egitea erabaki dute. Erdialdeko hirigintza planak lurpeko 270 plazako aparkaleku bat ere egitea aurreikusten du.
Donostiako Udalbatzak urteko lehen osoko bilkuran onartu zuen San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Berezia. EAJk eta PSE-EEk babestu zuten, eta EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk kontra bozkatu zuten. Onarturikoaren arabera, 8.000 metro koadroko eta bost solairuko merkataritza zentro bat jarriko dute San Bartolomeko muinoaren barnealdean. Gainera, lurpeko aparkaleku bat eraikiko dute; lau solairukoa eta 270 plazakoa. Erdialdeko bizilagun eta merkatari asko proiektuaren aurka agertu dira.
San Bartolome birsortzeko asmoa aspaldikoa da, eta betidanik izan da polemikoa. Hiru udal gobernu eta alkate desberdinek izan dute eskuartean. Odon Elorza sozialistak proposatu zuen, eta haren udal gobernuak 2005eko azaroan eman zion hasierako onarpena. Muinoa birsortzeko eremuko etxebizitza asko eraitsi eta berriak eraikitzea aurreikusi zuten. San Bartolomen bizi ziren auzotar asko hirigintza planaren kontra agertu ziren.
Horrela ere, 2008an San Bartolome Muinoa sozietate publiko-pribatua sortu zuen udalak –%37ko parte hartzearekin–, hainbat promotore publikorekin batera: Larrain, Etxe-Onenak, Ormak Construcción eta Gariza. Horrekin batera, Kutxa buru zuen banketxe talde batekin adostu zuen finantzaketa Elorzak. Diru kontuek nabarmen moteldu zuten proiektua, 100 milioi euroko kreditua behar zutelako aurrera egiteko. Oztopoak oztopo, 2010ean hasi ziren San Bartolome birgaitzeko lanak ondorengo aurreikuspenarekin: 532 etxe berri eraikitzea eta 1.000 garaje plaza inguru.
Donostiako 2011ko udal hauteskundeak Bilduk irabazi zituen, eta San Bartolome birsortzeko proiektuarekin topo egin zuen Juan Karlos Izagirre alkateak. Hirigintza plana «desblokeatzeko» akordio bat sinatu zuten San Bartolomeko etxe jabeekin eta muinoa babesten zuen elkartearekin. Izan ere, Elorzak sustaturiko planak ez zuen eremuko ondarea babesten –bainuetxea, Easo kaleko horma eta muinoa bera–, eta ez zuen babes ofizialeko etxebizitza berririk egitea aurreikusten.
Horiek horrela, 2013an Bilduk San Bartolomeko hirigintza plana «aurrera eramateko» proposamena aurkeztu zuen: muinoko komentua hotel bihurtzea –jatorrizko fatxada mantenduz–, bainuetxearen fatxada Arroka plazara lekualdatzea, begiratoki bat eta parke publiko bat sortzea, igogailu bertikal bat jartzea eta muinoaren mendi hegalean hirugarren sektoreko establezimenduak jartzea. Horretarako, 2010eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatu zuten 2014an, gainerako udal taldeen babesarekin.
Erantzukizuna
EAJk 2015ean udal hauteskundeak irabazi zituenetik, San Bartolomeko hirigintza planak eztabaida sortu du jeltzaleen eta EH Bilduren artean. Eneko Goia alkatearen gidaritzapean, Bilduren udal gobernuak adosturiko proiektuari jarraipena eman diotela adierazi dute EAJk eta PSE-EEk. Hain zuzen ere, azken bi legealditako Hirigintza zinegotziak arduratu dira horretaz; Enrique Ramos –2015etik 2018ra bitarte– eta Nekane Arzallus –2019tik egun arte–.
Aldiz, EH Bilduk dio San Bartolome hirigintza planaren irizpide orokorrak zehaztu zituztela, baina Plan Berezia egungo udal gobernuak sustatu duela. Bilduren udal gobernuak eremu bat gorde zuen proiektuan hirugarren sektorearentzat, baina ez zuen zehaztu merkataritza zentro bat kokatzeko izango zen edo ez. Are gehiago, EH Bilduk nabarmendu du muinoaren hegalean denda txikiak jartzearen aldeko jarrera izan duela betidanik. Horregatik, San Bartolomen merkataritza zentro bat jartzearen kontra bozkatu izan dute.
Bi alderdien arteko talka berriz azaleratu zen pasa den asteko osoko bilkuran. Kontakizuna oso bestelakoa da batzuen eta besteen aldetik. Eztabaidaz harago, EAJk eta PSE-EEk onarturiko Plan Berezia da San Bartolomeko muinoan aurrera eramango dutena.