Senra taberna: esplotazioa, irregulartasuna, umiliazioak eta mehatxuak
“Badira dena legalki egiten duten tabernak”. Ez da eztabaida bat ondo hasteko oinarria. Donostiako ostalaritzan, legez kanpo jarduten dutenak –edo, behintzat, erdi legez– asko baino gehiago direlako. Hala dio Maria Hernandezek [bere izena asmatua da, gainontzekoena bezala, ez dute benetako izenik eman nahi izan, “presioa jasaten ari direlako”], Senra tabernako langile ohiak: “Senraren kasua ezaguna zen ez zela egoera guztiz legala. Notizia lehertu izana ez da hain notizia, gure ustez. Jende guztiak bazekien ahopeka bada ere”.
Hernandezek argi du: “Haien modus operandi-a beti berdina zen. Espainiara iritsi berri den jendea hartzen zuten haiekin lan egiteko. Beharrak hala bultzatuta, egoera horiek onartzera behartuak gaude; oso txarrak eta desatseginak direnak”. Hondurasko eta Kolonbiakoak ziren langile asko, eta baita Latinoameriketako beste lekuetatik ere.
Lan baldintza gogorrak eta tratu txarrak
Ana Rodriguezek [izen asmatua hau ere] kontatu du zeintzuk ziren zituzten lan baldintzak: “11:30etatik, 16:30etara egiten genuen lan. Bi orduko atsedenaldia izan beharko genuke, baina gutxitan betetzen zen. Eta ostean, 18:00etatik 00:30ak arte aritzen ginen, eta festa edo lan handia baldin bazegoen beranduago ixten zen. Astean egun bateko atsedenaldia genuen, baina egun horretan jai eguna bazen, edo zer edo zer bazegoen, lan egin behar zen. Ez bagenuen lan egiten kaleratu egiten gintuzten”.
Hernandezek honakoa gehitu du: “Udaran 90 egunez jarraian egin genuen lan, inolako atseden egunik gabe eta ordu estrak ordaindu gabe. Gu isilarazteko esaten ziguten jai egun hori ordaindu egingo zigutela, 100 euroan, baina horrek ez zuen konpentsatzen sartzen genuen ordu kopurua, askoz ere handiagoa zena”.
Elikadura bera ere arazo bat zela azaldu du: “Honelako etsaitasunezko egoeran, ezin genuen elkartu bazkaltzeko. Jai egunetan, adibidez, atsedenik hartu ezin genuenean, ez zen gure elikaduraz kezkatzen, eta bazkaltzeko aukerarik ematen. Presio eta mehatxupean egiten genuen lan”.
Hori gutxi balitz, mehatxu eta umiliazioak etengabeak zirela kontatu du Jose Lopezek [izen asmatua hau ere]: “Nagusiaren tratua oso txarra izan zen gurekiko. Ahozko tratu txarrak eta tratu txar psikologikoak etengabeak ziren, gauza itsusiak esaten. Mespretxuz deitzen gintuen, fenomeno edo apo aurpegi gisako erdeinuzko terminoekin. Askotan bezeroen aurrean umiliatzen gintuen oihukatuz eta zakar hitz eginez”.
Kaleratze justifikatu gabeak
Zerbait esaten zuenarentzat kalera botatzeko mehatxua etengabea zela dio Rodriguezek: “Bazekien ez geundela egoera erregularrean, eta haien mendekoak ginela, erabat”. Hain zuzen, bai Rodriguez eta baita Hernandez izan ziren kaleratuak.
“Eskandalua lehertu aurretik” bota zuten Rodriguez: “Hamalau hilabetez izan nintzen Senran, eta inolako justifikaziorik gabe kaleratu ninduten, esanez jende berria probatu nahi zutela. Lehenago, nagusiaren neska lagunarekin gatazka bat egon zen, eta esan zuen harekin bat egiten ez zutenak kalera joango zirela. Nik ez nuen harekin bat egin, eta banekien nire bila joango zirela”.
“Bai, ni ere kaleratu ninduten”, kontatu du Hernandezek: “Bederatzi hilabete egon nintzen ni. Lanean hasi nintzen, haiek lan eskaintza egin zidatelako, nik paperak lortu nahi nituelako. Atzerritarren bulegotik erantzuna jaso nuen, onartu ez zutela esateko. Jabeek bazekiten haiek zituzten baldintzekin ez zizkigutela paperak emango, baina baietz sinestarazten ziguten. Gutaz barre egin zuten”. Dirudienez, Eusko Jaurlaritzaren aurrean ez zituzten baldintza nahikoak betetzen horretarako.
Salaketa jartzeko urratsa
Lanbidera joan zen Hernandez, eta egoera azaldu zionean, Lanbideko langileak honela esan zion: “Arriskatu zaitez eta salaketa jarri, hau ez da normala, zutaz barre egin dute denbora honetan guztian, eta berdina egiten ari dira zure lankideekin”. Informatzen hasi zenean argi ikusi zuen: “Ez da onargarria hemen jasan duguna”.
Rodriguezen kasuan antzekoa izan zen. Kaleratua izan ostean, “modu irregularrean” egon zelako, ez zuen inolako laguntzarik jasotzeko eskubiderik izan: “Orduan erabaki nuen zerbait egitea”.
Muturreko egoeran, eta justizia eske
Orain, muturreko egoeran daude langile asko. “Asko Euskal Herrira iritsi berriak dira, eta oso egoera konplikatua dute, ez dutelako inolako laguntzarik, eta azkeneko soldatak ez dituztelako jaso”. Oraingoz erakunde publikoen aldetik ez dute inolako babesik jaso, baina lanean ari dira SOS Arrazakeriarekin eta ESK sindikatuarekin.
Gaiak hartutako oihartzunaz kontziente dira. Eta argi dute zer den nahi dutena: “Justizia egitea nahi dugu, eta gizon hau ez dadila zigorgabe geratu. Ez dezala etorkinen beharrarekin jolasten jarraitu. Lan egiteko beharra dugu, baina mugak jarri behar dira”.
Joan den astean, hiru pertsona atxilotu zituzten Donostiako bi tabernatan, lan-esplotazioa egotzita; zehazki, La Esquina de Senra (San Jeronimo kalea) eta Senra tabernetan (Abuztuaren 31 kalea).
Establezimendu horietan 21 pertsonak egiten zuten lan, administrazio egoera irregularrean. “Atxilotuek, ustez, pertsona horien egoera ahula aprobetxatuz, lan baldintza penagarriak ezartzen zizkieten langile horiei, egunean 12 eta 15 ordu bitartean lan egitera iritsiz, asteko atsedenik gabe”, ESK sindikatuak salatu duenez, langileekin batera gaur egindako agerraldian.
Gipuzkoako ostalaritza
Arduradun politikoen eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak egindako adierazpenei erantzunez, ESK-k dio kasu isolatu izatetik ez duela ezer: “Hori ohikoa da Donostian eta, oro har, ostalaritzaren sektorean”.
Ostalaritzako azken hitzarmena 2008an sinatu zela gogora ekarri du ESK-k, eta “sektorearen baldintzak berez prekarioak badira, ezkutuko ekonomia osoak, kasu honetan bezala, prekarietate hori larriagotu egiten du. Ildo horretan, langile guztiei dei egiten diegu antolatzeko, egoera horiek behingoz amaitzeko”.
Benetako babesa biktimei
Langileei “benetako babes egokia” emateko eskatu diete erakundeei: “Ez du ezertarako balio egunkarian azaltzeak haserrea azaleratzen eta irmotasuna eskatuz Donostiako ostalaritzan esplotazio-sare bat dagoelako, gero kaltetuak erabateko babesgabetasun-egoeran uzten badira. Egia esan, hori zen pertsona horien diru-sarreren iturria, bizirauteko modu bakarra. Horri ez zaio alternatibarik eman”.
Kaltetutako pertsona ugari harremanetan jarri dira SOS Arrazakeria eta ESK sindikatuarekin, eta haiek kudeatuko dute erregularizazioarekin eta lan-eremuarekin lotutako eskaerekin lotutako guztia.