Krisi psikotiko bat izan duen pertsona bat artatzeko, Ertzaintza Infernura indarrez sartu izana salatu dute
Gaur goizean, 10:30ak aldera, Ertzaintza Infernura hurbildu da, krisi psikotiko bat izaten ari zen bizilagun bat artatzera. Itxuraz, arma zuri bat zuelakoan, dispositibo zabala antolatu du Ertzaintzak, eta “indarrez sartu da eraikinera”.
Hala azaldu du Infernua Bizirik kolektiboak, poliziaren jarrera gaitzetsiz. Anbulantzia iritsi baino lehen, Ertzaintzaren hamar bat ibilgailu iritsi omen dira etxe azpira, eta, eraikinera “bortizki” sartu direla salatu dute: “Ertzaintzak armak eskuetan zituen, gure leihoetara apuntatzen. Krisi psikotikoaren aitzakian, auzotar guztiak banan-banan atera dituzte, bultzaka, eta denak identifikatu dituzte”.
Azaldu dutenez, auzotarrak prest egon dira kolaboratzeko, ondoezik zegoen pertsona artatu zezaten, baina “laguntza orori uko eginez, polizia oldarkor sartu da eta hainbat gauza hautsi ditu”, beti ere, kolektiboak ala adierazita. Kolektiboaren ustez, “krisiarekin zer ikusirik ez zuen operazio ilegal” bat izan da Ertzaintzak burututakoa.
Honela, hainbat hedabidek emandako bertsioa gezurtatu du Infernua Bizirik kolektiboak. Izan ere, “arma zuri batekin lubakitu” dela eman dute aditzera, gaixotasun mentalaren egoerari muzin eginez.