Festa giroa nagusitu da Grosen
200 lagun atera dira Groseko inude eta artzainen konpartsan, eta jende asko animatu da haiek ikustera joatera.
“Inoiz baino jende gehiago ikusi dugu kalean. Jendea oso pozik zegoen, oso animatuta, eta gogotsu. Agian izango da bi urte atera gabe egon garelako”. Laida Etxeberria Artainu Groseko inude eta artzainen konpartsako kidea ere pozik dago, igandea egun polita izan zelako. Hiru orduz ibili ziren auzoko kaleetan festa giroa eta umore ona zabaltzen. Gainera, aurten 200 lagun atera dira konpartsarekin, inoiz baino gehiago.
Urtero auzoko kultur eragile bat omendu ohi dute, eta aurten Verdini dantza taldea saritu dute, 30 urteko ibilbidean egindako lanarengatik eta konpromisoarengatik. Desgaitasuna duten gazteek osatzen dute Verdini, eta Isabel Verdini arduradunak jaso zuen haiekin batera konpartsaren saria. Ondoren, dantza emanaldi txiki bat eskaini zuten Katalunia plazan. Etxeberriak azaldu du oso momentu hunkigarria izan zela. “Gizarte bidezkoago baterantz begirada sentibera eta eraldatzailea bultzatzen du. Estetika berri bat sortzen du aukera berriak sortuz. Beldurrak eta aurreiritziak aukera bihurtzen ditu. Verdini dantza taldeko dantzariak dantzan ikusteak hotzikara sortzen digu gure bihotzetan, eta dantzaren bitartez sentimenduak adierazteko duten gaitasun handiak asko hunkitzen gaitu. Benetan dantzari trebeak direla erakutsi digute”, adierazi du konpartsaren izenean.
Argazkiak Artainu konpartsako Alberto Zenzanok egin ditu.