Etxe turistikoak mugatzen ari dira Groseko bizilagunak
“Gaitz hau gelditu beharra dago”. Hala mintzo da, gordin, Nafarroa hiribideko 8. zenbakiko Manuela, Groseko bizilaguna. Saretxe etxebizitza sindikatuak egindako prentsaurrekoan parte hartu du gaur, etxebizitza turistikoak mugatzeko eta debekatzeko proposamenaren gidaren aurkezpenean.
Manuelak, bere eraikineko bizilagunekin batera, joan den abuztuan, euren eraikinean etxebizitza turistikoak egitea debekatzeko proposamena onartu zuten. Bizilagun komunitate guztiek har dezakete erabaki hau, etxejabeen %60ak hala erabakitzen badu. Nafarroa hiribideko bizilagunek, ordea, ez dute erreza izan; Alemanian bizi den etxejabe batek salaketa jarri, eta auzitara eraman dute kasua. Epaileen esku dago orain erabakia, baina bizilagunak ez daude amore emateko prest, eta Saretxerekin batera ari dira lanean.
Sindikatuak gaur egin duen agerraldian, bizilagunek etxe turistikoak mugatzeko gida aurkeztu dute. Dagoeneko bost dira prozesu hau abiatu duten auzokideak, eta “deiak jasotzen” ari direla aitortu dute. Sindikatuko kideak kezkatuta daude azken urteotan etxe turistikoen presentzia handitu egin delako auzoan, eta horrek auzokideentzat “ondorio larriak” ekarri dituela uste dute: “Alokairuen garestitzea, espazio publikoaren pribatizazioa, turismoari bideratutako zerbitzuen indartzea… auzokideen bizitzaren garestitzea, azken finean”.
Jada martxan dauden dinamika hauek indartzeko asmoz, datozen asteotan, eraikinetan etxebizitza turistikoak mugatzeko proposamena zabalduko dute etxez etxe. Etxebizitza sindikatuak eta auzo elkarteak bizilagunen bilerak egitea sustatuko dute, “jarduera ekonomikoa debekatzeko eta jada martxan daudenei, komunitateko kuotak igotzeko”. Izan ere, debekua ezin da atzeraeraginez aplikatu, baina aurretik funtzionamenduan dauden etxe turistikoei kuota igo ahal zaie; %20ko igoera egin daiteke, gehienez ere.
Prentsaurrekoa amaitu bezain pronto, edadeko emakume bat gerturatu zaie: “Azaldu dezakezue nola egin dezakegun hau? Amarakoa naiz, eta nazkatuta gaude egoerarekin”. Sindikatuko kideek azaldu diote zein urrats eman behar dituzten, eta gonbidapena egin diote: “Astelehenero biltzen gara Groseko auzo elkartean, 19:00etan, hurbildu eta hobeto azalduko dizugu”.
🔴🔴🔴 ADI!
— Saretxe / Groseko Etxebizitza Sindikatua (@SaretxeG) February 10, 2023
Hona hemen, Etxebizitza Turistikoak debekatzeko gida bideo formatuan.
Ikusi eta zabaldu!
etxebizitza.gros@gmail.com
Haiena jabetza, gurea AUZODEFENTSA ✊🏼🗝️ pic.twitter.com/fhbMGZnWM4