Ostiralean aurkeztuko du Sara Azurzak bere lan berria: 'Hemen berriro'

Sara Azurza musikariak (Antigua, 1997) bere lan luze eta ondua aurkeztuko du ostiralean Lugaritzen. “Niretzat disko hau erronka bat izan da eta heldu izateko prozesu baten emaitza da; musikari gisa, heldu naiz lan honekin”.
Azurzak kontatu duenez, aspaldikoa du kantak egiteko sena: “Beti egon naiz musika egiten, txikia nintzenetik. Abestiak idazten aritu naiz aspaldi-aspalditik, baina ez nekien bide honetatik jarraitu nahi nuen edo ez, eta konfiantza hartzen joan naiz”.
Aurreko lanekin alderatuta, bestelako intentzio bat jarri du Hemen Berriro-n. Kantak oso landuta daude, eta erreferentziak argiak dira: Erresuma Batuko soul eta R’n’B emakume abeslariak. Amy Winehouse, Adele, Jorja Smith, Cleo Soul eta Little Simz aipatu ditu, besteak beste. Ez dira, ez, erreferentzia txarrak.
Antiguan aurkeztuko du bere konfiantzazko musikariez lagunduta. Ez zuen berak aukeratu tokia, “aukera suertatu zen eta aprobetxatu egin dut. Gainera, auzoan aurkezteak ilusio berezia egiten dit!”, dio erdi barrez. Antiguan aurkeztuko ez balu non aurkeztu nahiko lukeen galdetuta, ez du asko pentsatu behar izan: “Viktoria Eugenian jotzea gustatuko litzaidake, baina oraindik nahiko urrun ikusten dut!”. Tira, hasiera besterik ez da, nork daki datorren diskoarekin zer gertatuko den.