Bera Berak dio kluba ez dela miniestadioaren egoeraren erantzulea
Bera Bera errugbi taldea haserre agertu da Anoetako miniestadioaren egoerarekin eta Donostia Kirolarekin. Klubak argitaratu duen adierazpenean, El Diario Vasco egunkariak urtarrilaren 26an argitaratutako artikulu bati egin diote erreferentzia, Donostia Kirolako kudeatzaile Leire Landak honakoa esan zuelako artikuluan: “Bere garaian, lorezaintza arduradunak Bera Berari gomendatu zion urtean geldialdi bat edo bi egiteko, eta hori ez da errespetatu. Horren ondorioz, egoera honetara iritsi gara”. Berak Berak dioenez, ordea, hori ez da hala.
Klubak dio “oso kezkagarria” dela “Donostia Kirolako arduradunak zelaiaren egoera tamalgarriari buruz atera duen ondorio nagusia Bera Berari errua botatzea izatea; are gehiago, bilera horretan bertan, Tecnatura enpresako teknikariak azpimarratu zuenean egoera horren arazo nagusia dela zelaia zaharkituta dagoela eta gabeziak dituela bere funtzioa modu egokian betetzeko, belar naturaleko zelaiek jasango ez luketen gehiegizko erabilera izateaz gain”.
Diotenez, Bera Berak “askotan” eten du bere jarduera, Donostia Kirolak eskatuta: “Izan euri jasa biziengatik, zein mantentze lanengatik. Etenaldi horietan guztietan, klubari ez zaio inoiz inolako alternatibarik eskaini, hau da, ezin genuen entrenatu edo beste zelai batzuetara joan behar izan ginen: Hernanira, Zarautzera…”. Ordea, klubak azaldu du azken hilabeteotan ez dietela eskatu geldialdirik egiteko, eta klubak berak proposatu zuela azken geldialdia: “Gabonetan hilabetez egon gara miniestadioan entrenatu eta jokatu gabe, zelaia berregokitu ahal izateko. Bide batez, gogorarazi nahi dugu, 2020an, COVID-19aren pandemia zela medio, zelai hori ez zela erabili gutxienez zortzi hilabetez (martxotik urrira arte)”.
Hala ere, egoeraren aurrean “sakoneko” arazo bat dagoela nabarmendu du Bera Berak: “Donostian ez dagoela errugbirako udal instalazio esklusiborik. Puion futbol-errugbirako instalazioak egin ziren, baina futbolak erabateko lehentasuna du bertan, eta gainera, zelaia ez dago homologatua gure taldeen partida gehienak jokatu ahal izateko”. Gogorarazi dute klubak “30 urte baino gehiago” daramala errugbi instalazio esklusibo bat aldarrikatzen, “beste klubek baino gastu ekonomiko handiagoak” euren gain hartzen eta “instalazio okerragoetan entrenatzen”. “Horrek ezinezko bilakatzen du kluba haztea eta errugbiaren sustapena hobetzea”, gaineratu du.
Arazoarentzako irtenbide bat bilatzeko, udalarekin “elkarlanean” aritzeko prest agertu da Bera Bera, “beti bezala”, baina nabarmendu dute ezin dutela onartu “kluba mini estadioaren egoeraren erantzuletzat seinalatzea”.