Desmemoriaren hirian, eraikinen orbanek hitz egiten dute
Dinamita Tour txikia egin zuten atzo Amaran. Aitzakia? Ezin hobea: Kasilda Hernaez militante anarkista donostiarraren komikiaren aurkezpena. Eta, Urumea Amaratik pasatzen dela aprobetxatuz, Felix Likinianoren koadroen erakusketa, Kaxilda liburu dendan. Iraganak eta orainak bat egin dute, erabat aldatu den topografian, beraz.

Hala kontatu du Josetxo Etxeberriak, Dinamita Tourreko gidariak: “Liki eta Kasilda kale hauetan egon ziren, faxismoaren aurka borrokan. Eta kale hauetan daude berriz ere”. Dinamitako lagunek, eta beste hainbat elkarteek, Likinianoren 400dik gora obra original dituztela eta, antolatu zuten erakusketa Baionan –han bizi baitziren Likiniano eta Kasilda, Hego Euskal Herritik ihes egin behar izan zutenean–: “Bitxia da; lehen, Kasilda zen ‘Likiren bikotekidea’. Orain, ordea, Liki da ‘Kasildaren bikotekidea’. Niretzat, Bonnie eta Clyde bezalakoak dira, bizitza osoa elkarrekin, bizitza osoa borrokan, bata bestearengandik bereizi ezin”.
Erakusketarako aitzakia, aipatu Kasildaren bizitzari buruzko komikia izan da: Casilda Revolucionaria. Toledotik datorren Ruben Ucedarena da egilea, baina saioa hasi aurretik gogora ekarri ditu lehendik izan diren bestelako ikerlari militanteak: Javier Pi, Urbieta Kaleko Borroka komikiaren egilea, eta Luis Jimenez Aberasturi, Casilda Miliciana liburuaren egilea.

Josetxo Etxeberria, Dinamita Tourreko kidea; Ruben Uceda, ‘Casilda revolucionaria’ komikiaren egilea; Javier Pi, ‘Urbieta Kaleko Borroka’ komikiaren egilea; eta Luis Jimenez Aberasturi, ‘Casilda Miliciana’ liburuaren egilea. (Argazkia: Xalba Ramirez)
Urbieta kaleko borroka
Egindako memoria lana, eta historia ikerketak eskertu ditu Etxeberriak ibilbidea hasi eta berehala: “Hiri hau desmemoriaren hiria da. Kale hauetatik pasatzen da egunero jendea, eta inork gutxik daki Donostiak aurre egin ziola faxismoari, eta garaitu zuela erreakzioa”. Memoria ariketak egitea ezinbestekoa da, “ez delako iraganeko kontua, orainaz ari gara baita ere”.
Asko-gutxi, jakina da Amara auzoan, Urbieta kalean, ehunka donostiarrek aurre egin ziotela, eskuetan zuten armekin 1936ko uztailean Loiolako kuarteletik zetozen militar, falangista eta guardia zibilei; “Askotan esaten da lau lagun zirela, lau eskopetarekin eta molotov koktel batzuekin. Hori gezurra da, arma gehiago zituzten, eta oso ondo antolatu ziren. Bestela, ez zuten garaitzea lortuko”.
1936ko uztailaren 17an, El Diario Vasco egunkarian “Mañana hará buen tiempo” lerroburua agertu zen azalean, eta hori izan zen altxamendu faxista egiteko deia. Irudiz, Donostiako militarrak ez zeuden denak ados altxamenduarekin, eta egun bat gehiago behar izan zuten. Edonola ere, lehendik, hiriko sozialistak, komunistak eta anarkistak batu egin ziren, eta erresistentzia antolatu zuten. Amarako auzoan, “auzo langile eta anarkista”, anarkistak arduratu ziren defentsa prestatzeaz. Eraikin hauetan bertan egon ziren Likiniano eta Kaxilda, beste hainbeste kiderekin batera: “Likiren taldea, Dinamita taldea zen, eta horregatik gure izena. Omenaldi gisara”.
EAJk izan zuen papera oroitu du Etxeberriak: “Fusilekin armatu ziren eta San Bartolomen gotortu ziren. Erdialdera behin jaitsi ziren soilik, Artzain Ona babestera. Zerengandik babestu, ordea? Inork ez zion eraso egin!”. Etxeberriak “ondo daki hau”, bere osaba gudaria zelako, eta bertatik bertara bizi izan zuelako.
Gertatutakoa oroitzeko beharra
100dik gora izan ziren faxismoaren aurkako defentsan bizia eman zuten hiritarrak: “Donostian 400 errepublikazale inguru fusilatu zituztela esan ohi da. Ziurtatzen dut askoz ere gehiago izan zirela. Hobiak zabaltzen dituzten leku guztietan, askoz ere gehiago dira beti”. Hau gutxi balitz, errepublikazale batzuk faxistekin batera lurperatu zituzten Polloeko hilerrian.
Memoriaren garrantzia etorkizunerako arma bat da. Eta orainari buruzkoa da. Urtero-urtero doaz militarrak, hain zuzen, Polloeko hilerrira, bertan dauden “martiriei” gorazarre egitera. Haiek ez dutelako ahazten. Etxeberriak gogora ekarri du, egun Easo plaza gisa ezagutzen den kioskoaren plazak ez duela izenik. Etxeberriak berak, Felix Soto zinegotzi ohiarekin batera, ‘Amarako miliziano antifaxisten plaza’, deitura ematea proposatu zuen: “Ezin dugu ahaztu auzo honetan gertatu zena. Postaleko hiri honen historia oso bestelakoa izan delako”.
Amara anarkista eta borrokalaria gogoratzeko beharrak bizirik dirau. Amarako eskolako hormetan, Maria Kristina hotelekoetan zein udaletxekoan ikusten diren tiro markek ezin dutelako ezkutatu gertatutakoa: eraikinen orbanek hitz egiten digute, oraindik ere, zauriak hor daudela gogoratuz.