Donostiarren presentzia nabaria izango du Katapulta programak
Gaur goizean aurkeztu dute VIII. Katapulta Tour Gipuzkoa programa. Hautaturiko hamar proposamenen artean, donostiarren presentzia agerikoa da. Musika arloan, zortzi talde zein bakarlari daude, eta horietatik bi Donostiakoak dira: Nakar eta Siglas. Aldiz, Bamms bandak musikari donostiarrak ditu. Gainerakoak dira Amaterra, Ithaka, Muzak, Olana Liss eta Ramada Inn. Arte eszenikoen alorrean, berriz, Barrexerka donostiarrak eta Iago Magoa daude.
Musika proposamenak pop rock, rock & roll, hard rock, stoner, pop, blues, flamenko, soul, jazz, folk eta hip hop estiloetakoak dira. Arte eszenikoen proposamenen artean, berriz, umore bakarrizketak, antzerkia, txotxongiloak, magia ikuskizunak eta beste daude.
Katapulta Tour programaren sustatzaileak Kutxa Fundazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira. Aldiz, Buenawista Prolleckziom’s elkartea da koordinatzailea. Aurten, aurkeztutako proiektuen errekorra apurtu dela nabarmendu dute aurkezpenean. Izan ere, 125 musika proposamen aurkeztu dira, eta arte eszenikoetako 33 proposamen.
Egitasmoaren helburua Gipuzkoako artistak sustatzea da, arreta berezia gazteengan jarrita, eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea klubak eta antolatzaileak babestuta. Aukeratutako artistek Gipuzkoako hainbat espaziotan lau emanaldi egiteko aukera izango dute, eta emanaldi bakoitzeko 400 euro jasoko dituzte. Gainera, promozio bideo bat grabatzeko aukera izango dute.
Ohiko kontzertuez gain, prestakuntzako programa bat egongo da, eta entseatzeko espazioak erabilgarri izango dituzte hautatutako proposamenek. Aurten, Kutxa Fundazioko Kluba aretoa ere espazio eszenikoen artean izango da.