EAJk irabaziko lituzke Donostiako udal hauteskundeak, Soziometroaren arabera
Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak boto asmoari buruz egindako inkestaren arabera, udal hauteskundeetako emaitzak oraingoen antzekoak izango lirateke. Maiatzeko foru hauteskundeetan EAJk irabaziko luke Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta EH Bilduk bigarren postuari eutsiko lioke.
Donostiari dagokionez, EAJk 2019ko emaitza errepikatuko luke, hamar zinegotzi mantenduz. Zehazki, botoen %34,3 eskuratuko lituzke Eneko Goia alkatearen alderdiak. EH Bildu bigarren indarra izango litzateke, eta zinegotzi bat irabaziko luke; beraz, sei zinegotzi izatetik zazpi izatera pasako litzateke, botoen %24,3 lortuz.
PSE-EEk bost zinegotzi izaten jarraituko luke (botoen %17,6) eta PPk ere hiru mantenduko lituzke (botoen %9,7). Elkarrekin Donostiak aldiz, zinegotzi bat galduko luke, eta hiru izatetik bi izatera pasako litzateke (botoen %8,1). Iazko urrian Soziometroak argitaratutako datuekin alderatuta, EH Bilduren zazpigarren zinegotzia da desberdintasun nabarmenenetako bat.
EAJk eta EH Bilduk gora
2022ko urriko inkestarekin alderatuz, Donostiako EAJk eta EH Bilduk boto gehiago eskuratuko lituzkete orain. Izan ere, urrian, botoen %33,8 eskuratuko lituzke EAJk, eta EH Bilduk, aldiz, botoen %21,7. Elkarrekin Donostiak ere boto gehiago eskuratuko lituzke orain urrian baino (urrian %7,9).
PP-ren aurreikuspena mantendu egin da urritik hona, eta PSEren botoen ehunekoa jaitsi egin da (urrian %21,5).
Gipuzkoako foru hauteskundeak
Batzar Nagusietarako aurreikusitako emaitzen arabera, EAJ izango litzateke garaile Gipuzkoan. EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraituko luke, emaitzak hobetuta; puntu erdi irabaziko luke (botoen %32,7 lortuko luke EH Bilduk; EAJk, %36,2).