Guardetxean auzolana burutu du Alde Zaharreko Gazte Asanbladak
Asanbladak deituta, manifestazioa egingo dute larunbatean, Parte Zaharrak gaztetxe bat behar duela aldarrikatzeko.
Alde Zaharreko Gazte Asanbladako (AZGA) kideak Urgulleko Guardetxean sartu dira berriz, eta abenduan egitekoak ziren auzolana burutu dute, bertan Parte Zaharreko gaztetxea irekitzeko. “Udalak debekatu zigun auzolana burutu dugu Guardetxean, eta berriro ere sartu gara, geurea dena berreskuratzeko prest gaudela argi utziz”, adierazi dute sareetan, auzolan horren bideoa argitaratzearekin batera.
Halaber, gogorarazi dute auzoko gaztetxearen aldeko manifestazioa egingo dutela bihar (hilak 11), Trinitate plazatik abiatuta, 17:00etan. Parte Zaharrak gaztetxe bat behar duela aldarrikatuko dute mobilizazioan, eta Donostiako zein hiritik kanpoko hainbat eragilek bat egin dute manifestazioarekin: Donostiako LABek, Askapenak, Oreretako Gazte Asanbladak, Bizilagunekin plataformak, Donostiako Bilgune Feministak, Intzirik eta Egiako Etxebizitza Sindikatuak, besteak beste.
‼️💥 Gaur arratsaldean udaletxeak debekatu zigun auzolana burutu dugu Guardetxean, eta berriro ere sartu gara, geurea dena berreskuratzeko prest gaudela argi utziz.
— Alde Zaharreko Gazte Asanblada ★ (@AZgazteak) February 9, 2023
Gogoratu larunbat honetan hitzordua dugula auzoko kaleetan zehar!
🗓️ Otsailak 11
🕔17:00etan
📍Trinitate Plaza pic.twitter.com/O7JlXpmc69
Abenduan okupatu zuten
AZGA-k abenduan okupatu zuen Guardetxea, eta auzolanera deitu zuen, gunea txukundu eta gaztetxea ireki ahal izateko. Ordea, Udaltzaingoak itxi egin zuen Guardetxea, eta gazteek ezin izan zuten auzolana egin.
Gogoratu behar da eraikina hutsik dagoela 2019tik, hamar urtez Banda Bat elkarteak kudeatu ostean. Eraikina birgaitu beharra dago, baina udalak hiru urteotan ez du birgaitze prozesua abiatu. Berriki, EH Bilduk gaia udalbatzarrera eraman zuen, eta eskatu zuen eraikinean egin beharreko birgaitze lanak egiteko beharrezko baimenak premiaz kudeatzeko. Halaber, udal gobernuari eskatu zion Guardetxearen erabilera auzoko eragileei erreserbatzeko, Parte Zaharrak dituen beharrei erantzuteko gune bat izan dadin. Ordea, udalak Guardetxea lehiaketa publikora ateratzeko asmoa dauka, auzoko eragileentzat erreserbatu gabe.