Infernuaren "kriminalizazioa" salatu dute
Infernua Bizirik plataformak antolatuta, elkarretaratzea egin dute Ibaetako Infernua auzunean, joan den asteburuan krisi psikotiko bat izan zuen pertsona artatzeko Ertzaintzak izan zuen “jarrera oldarkorra” salatzeko. Auzokideek zaintzen naute, ez poliziak! eta Gure etxeak defendatuko ditugu lelopean egin dute mobilizazioa.
Otsailaren 4an izan zen gertakaria, larunbatean, 10:30ak aldera. Infernuko bizilagun batek brote psikotiko bat izan zuen, eta Ertzaintza bertaratu zen, “brote psikotikoa kontrolatu nahian”, azaldu du Infernua Bizirikek. “Anbulantzia etorri baino lehen, Ertzaintzaren hamar ibilgailu iritsi ziren etxe azpira, eta gorputz poliziala armaturik auzoan bortizki sartu zen”, salatu dute. Ertzainek armak eskutan zituztela diote Infernukoek, eta “leihoetara apuntatzen” egon ziren.
Bizilagunek diotenez, “brotearen aitzaikian”, Infernuan bizi diren guztiak banan-banan atera zituzten, “bultzaka”, eta “denak identifikatu zituzten”. “Ondoren, etxe guztiak miatu zituzten inongo baimen judizialik gabe”, azaldu dute. Era berean, nabarmendu dute auzokoak “kolaboratzeko prest” zeudela ondoezik zegoen pertsona artatu zezaten, baina ertzainek “laguntza orori uko” egin zioten eta “oldarkor” sartu zirela gaitzetsi dute.
Poliziak brote psikotikoarekin zerikusirik ez duen “operazio ilegal” bat egin zuela salatu dute. “Gure ondoez egoerek egiturazko arrazoiak dituzte. Pertsona migranteak, okupak, zoroak eta gorputz ez normatiboak etengabe dira abusu polizialen eta psikiatrikoen objektu eta, hori kontuan izanda, larunbateko operazioarekin egoera okertu besterik ez dute egin. Argi utzi nahi dugu hau ez dela modua horrelako kasu bat artatzeko”, nabarmendu dute.
Bestalde, komunikabide batzuen “kontaketa morbosoa” eta “sentsazionalista” gaitzetsi dute. “Gure auzokidea kriminalizatzeko helburuarekin, arma bat zeukala nabarmendu dute etengabe, arma hori inork ikusi ez duen arren. Gainera, guk inongo momentuan ez dugu gure bizilagunarekiko beldurrik sentitu”, azaldu dute. “Beldurra ematen digu Poliziaren inpunitateak, estatuaren indarkeriak eta etxerik gabe gelditzeak”, gaineratu dute.
Nabarmendu dute komunikabide batzuen kontakizunak “mesede” egiten diola Infernuaren gaineko “estereotipo arrazistari eta klasistari”. Eta, hori helburu argi batekin gertatzen ari dela salatu dute: “Horrela prestatzen du EAJk Infernua husteko testuingurua”. “Argi dugu hau auzoa kriminalizatzeko beste estrategia bat izan dela, Infernuak traba egiten dielako Donostiako postalean”, gehitu dute.